IKUS-ENTZUN

Zinegoak jaialdia ekainaren azken egunetan abiatuko da

Makina bat proiekzio eta jarduerez horniturik dator aurtengo Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia. Hil honen azken egunetan (ekainaren 24tik uztailaren 1era) egingo da, sexu aniztasuna aldarrikatzeko helburuz.

Programazioan proiekzioak, arte eszenikoak, solasaldiak, jardunaldi profesionalak, jaiak… antolatu dira Bilborock, Golem Alhondiga, BilbaoArte, Bira, Sarean, Arriaga Antzokia eta Guggenheim Museoan.

Antolatzaileek adierazi duten moduan:  “Aurten beren-beregi indarra egin nahi dugu gure orainak eta etorkizunak irudikatu eta eraikitzeko aukeran, maila kolektiboan ere, ez bakarrik indibidualki. Horiek dira zabaldu, eraiki eta bizi nahi ditugun espazioak, eta horiei guztiei Queertopiak deitzea erabaki dugu”.

Film luzeen sail ofizialean hainbat herritatik (Nigeria, Mexiko, Txina, AEB, Grezia edota Alemania) etorritako 15 pelikula izango dira lehian, ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak). Film laburrei dagokionez, 30 lan izango dira ikusgai sail ofizialeko lehian. Bost ziklo ere antolatu dira: Haurtzaroa eta Nerabezaroa, EmakumeZuzendariak,  TBIQ+ zikloa, eta beste ziklo berri bi: Queertopiak, eta Sexilioak. Horiez gain, sail ofizialetik kanpo, Erroak saila ere badago, Euskal Herrian sortu diren ekoizpen lanez osatua.

Ekainaren 21etik 23rako asteburuan, 3, 2, 1… Zinegoak! Jaialdia antolatu da jaialdiari hasiera ederra emateko. Filmez gain, Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren Popperra, Afterra, Utopia ikuskizun musikatua; Dantzertiren azken lan eszenikoa, Sin mí, sin vos y sin Dios; Bizi. Bisexualitatea eta euskal komunitatea proiektuaren aurkezpena; Bertso-saio bat; Albina Stardusten showa, Erreka Mari antzezlana,….. ikusten duzuenez mila kontu aurtengo Zinegoak jaialdian.

Programazio osoa www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button