Euskal Herrian eta euskaraz egiten den zine bileraren aurtengo edizioa urriaren 6tik 12ra bitartean egingo da Lekeition. Berrikuntzak iragarri dituzte gainera gaur, Errekalde Aretoan, antolatzaileek egin duten aurkezpenean. Hala, bere 41.edizoa hiru zutabetan ardaztuko da, eta ikus-entzunezkoen erabilera anitzez haratago, orainaldia, iragana eta etorkizunaren arteko lotura proposatzen dute Branka, Ganbara eta Zerumuga atal berrien estreinaldiarekin.Hala, sektorearekin erlazioa izan dezaketen hitzaldiak, lantegiak eta erakusketak ondu dituzte.
Ildo horretan, denboraren lotura islatu nahi izan dute egitarauarekin. Hala, Branka atalean, ikus entzunezko eta zinemagintzaren orainaldiari keinu eginez, Euskal Herrian eta euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleiho den lehiaketa egongo da, Zine Bileran klasikoa bilakatu dena, urteetako eskarmentuari esker. Aurkeztutako 50 lanetatik, 20 aukeratu dituzte antolatzaileek, eta aurten zuzendaritza onena eta gidoirik onenari, 1.600 eurokoak sariak banatuko dituzte; film onenari 1.900 eurokoa, eta Ikusleen sariak aldiz, 750 euro banatuko ditu. Horrekin batera, zilarrezko antzarra banatuko da.
Hemen Gaude atalak aurten, Maider Oleagan jarri du fokua, eta urriaren 7an Verabredung filma ikusteko aukera izango da. Izaskun Arandiarekin batera, bere ibilbideari eta lan-prozesuari buruz solasean izango da, kafe tertulia formatuan, urriaren 12an 18:30etan Ikusgarri aretoan.
Baina Zine Bilera ekitaldiari hasiera, larunbatean emango zaio Loli Astoreka eta Aitor Abaroaren eskutik, 19:30ean. Eta ekitaldiaren ostean, Telmo Esnalek ekoiztutako Dantza lana proiektatuko da, Ikusgarri Aretoan. Goizean, hala ere, Euskaltzale Topagunearekin elkarlanean antolatutako ohiko Kameratoiari hasiera emango zaio. Ekimen honekin, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta 24 izango dituzte parte hartzaileek film laburrak egiteko. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da.
Ganbara atal berriaren baitan, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz, Begirada saila ondu dute. Bertan, Kimuak ekimenaren 20. urteurrena ospatuko da eta Kimuak katalogoaren baitatik, Euskal Zine Bileran proiektatu diren film laburrak bildu dira atzerabegirako batean. Hala Zela Trovke, Beti bezperako koplak eta Zarautzen erosi zuen ikusentzunezkoak emango dira urriaren 9an. Eta urriaren 11an, Hotzanak four your safety, Euritan eta Hubert Le Blonen azken hegaldia ikusi ahal izango dira.
Eta Zerumugaren atal berriak Lekeitioko ikas-komunitateen baitan, zinemagintzaren ahalmen pedagogikoa landuko den lantegi, formakuntza saio, proiekzio eta gainontzeko ekimenak eskainiko ditu. Hala, urriaren 10ean, eta Ikusgarri Aretoan, Hasiberriak filma proiektatuko da, 12:30ean. Eta urriaren 12an, performancea izango da, 11:00ean: Nonbait, Agian Hemen.
Antolatzaileen esanetan, Lekeitioko Zine Bilera “sektorearekin erlazioa izan dezaketen hitzaldi edo lantegiak, lehiaketara aurkeztutako fikziozko laburmetraiak, dokumental eta pieza esperimentalak, ondare gisa ulertutako Super8 irudiekin osatutako programa, ikas komunitateen baitan antolatutako animazio lantegi edota omendutako figura edo ekimenei eskainitako atzera begirakoak,. hori guztia da Euskal Zine Bilera: egin diren, egiten ari diren eta egingo diren filmen eztabaidarako eta ezagutarazteko bilgune”.
Zinema zaleen topagune eta hitzordua, hortaz, Lekeition, urriaren 6tik 12ra.
Informazio osoa zinebilera.com web atarian.