IKUS-ENTZUN

“Zine Ikusezina Film Sozialak” ekimena, Elorrioko Arriola Antzokira doa asteburuan

Kultura, Communication y Desarrollo KCD, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako ekimena, ezinbesteko hitzordua da “garapenerako kooperazio, giza eskubide, genero-parekidetasun, kultura artekotasun edo elkartasunean oinarritutako gaiak landu nahi dituenarentzat”.

Hala, ekimen horren helburuak zehazki, izaera soziala duten ikus-entzunezko lanak bultzatu eta zabaltzeko espazio alternatiboak sortzea; garapenerako komunikazioan lan egiten duten pertsona zein erakundeen arteko harremanak, sareak eta proiektuak sortzea; edota emakumeek komunikabideetan indarra har dezaten, generoen arteko desberdintasunak ikus-entzunezkoen bidez ikusaraztea eta bultzatzea dira, beste batzuen artean.

Asteburuko saioei erreparatuz, irailaren 28an, larunbatez, bost ikus-entzunezko proiektatuko dira Arriola Antzokian, 22:00etatik aurrera: En Boca De Todas, BirthplaceVictoria, Donde Nos Lleve El Viento, En Busca De Un Espacio. Azken ikus-entzunezko obra honek berdintasunaren generoa dakar pantailara, Kubako La Habanako Marilyn Solaya zinema zuzendariaren eskutik. Izaera historikoko Kubako tradizio feministaren zati bat berregiten du filmak, batez ere Errepublikaren lehen lau hamarkadak (1900-1940). Hala, Kubako mugimendu feministaren XX. mendearen lehen erdialdeko historia kontatzen du, oso neurri txikian zabaldu izan dena.

Eta igandean, bi saio izango dira. Arratsaldeko 17:00etan, Toy Story gaztetxoei zuzendutako filma, eta helduentzako saioan, 20:00etatik aurrera, sei ikus-entzunezko: Timbó, Laatash, Oyentes, White, Skin, eta Wantoks: Dance Of Resilience In Melanesia.

Lan guzti-guztiak gaurkotasun handiko gaiak badira ere, aipatu  Timbó (Erresuma Batua & Brasil, 2019) dokumental laburra, Amazonako oihanean meatzeak ustiatzeko Jair Bolsonarok martxan duen politika neoliberalaren ondorio larri eta munduko birikaren zaindari diren indigenen borrokan ardazten dena. Bolsonaro Brasilgo presidente ultraeskuindarraren hitzak gogora ekartzen dira bertan, hotzikara ematen dutenak: “gehiengoarentzako Brasil bat egingo dut, gutxiengoek (indigenek) belaunikatu egin beharko dute gehiengoen aurrean. Gutxiengoek egokitu egin beharko lukete, edota desagertu, besterik gabe”.
Amazoniako eskualdean Bolsonarok berriz ere meatzaritzari ekitea proposatu eta presa bat eraikitzeko asmoa agertu ondoren, gai hau hartu du xedetzat  Peiman Zekavat zuzendari Brasildarrak bere lanean. Bere ustez, “presa eraikitzea oso kaltegarria izango litzateke komunitate indigenarentzat, Londres, Paris eta Amsterdam adinako azalera urez beteko lukeelako. Gainera, landare pozoitsuak uretan disolbatuko lirateke, eta horrek tokiko tribuen pozoidura eta heriotza eragingo luke”, agertzen du kezkaz. Landare horiei “Timbó” deitzen zaie.

Zine Ikusezina Film Sozialen jaialdiak aurrera egingo du astelehenean ere. Hala, Garazi Auzmendi euskal zinegilearen  Aralar, Mundua leku den lurra proposamena dakar ekimenak, 20:00etatik aurrera.

Jaialdiko eta  Arriola Antzokiko programazio osoa ikusteko hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button