Jon Mantzisidor zumaiarrak ezizen desberdinekin urteetan argitaratu dituen komikien bilduma plazaratu du Ia Dena izenburupean. Joan den astean egin zuen lan honen aurkezpena Bilboko Anti-liburudendan. Helduentzako umorea, eguneroko gaien ikuspegi pertsonala eta absurdorako joera dira, besteak beste, zumaiarrak marrazten dituen istorioen gaiak eta ezaugarriak.
Berak hala kontatu digu:
Ia dena.Komiki bilduma 1997-2007 da liburuaren izenburu osoa eta auto-ekoizpenera jo duzu berori plazaratzeko. Zerk bultzatu zaitu zure lanak plazaratzera?
Hasiera batean herriko aldizkarian kolaboratzen nuen, eta haiei laguntzeko egiten nituen, ez nuen nire burua komikilaritzat; orain ere ez. Gero Euskaldunon Egunkaria, Berria, Aizu! eta holakoetan ibili naiz. Ia dena urte hoietako ibilibidearen laburpen moduko bat da.
Liburuak eskuratzen duenak zer gai, zein hausnarketa, zein kritika, zer iradokizun topatuko du? Absurdokeriarik?
Ba, denetik dago, politika, gizarte gaiak, edozein txorakeriari buruzko hausnarketak,… Egin eta gero konturatu naiz komiki batzuk momentu oso konkretuei erantzuten zietela, eta ez dakit nola ulertuko diren orain, kontestua aldatua dagoenean. Ez da gauza bera Subcomandante Marcos egunero telebistan azaltzen zen garaia edo orain,…
Tituluan Ia dena jarri duzu. Estatistikak osatzeko erabiltzen diren “tarta” berdinak erabili dituzu zuk hori deskribatzeko. Zer adierazi nahi izan duzu?
Aurrena izenburua zegoen eta gero jarri genion irudia. Argitaratutako ia dena bildu dugu, egia esan laburpen bat da; beste asko gelditu baitira kanpoan. Jakintza entziklopedikoa eta sasi-zientziaren ideia ere badago, komiki askotan ere holako gauzak agertzen ziren eta horregatik estatistika zirkuluak.
Hamar urteko ibilbidea agertu nahi izan duzu lan honekin. Beste hamar urte ikusten dituzu aurretik estilo edota forma berberarekin ala garapen garaian ari zara?
Ez, ez dut ikusten beste hamar urtetan, dagoeneko utzi nion argitaratzeari, joan den urtean. Agian egingo dut beste zerbait, baina ez komiki moduan. Auskalo.
Komikian aritua zara baina musikan ere aritzen zara Gora Japon taldearekin. Ikus-entzunezkoak ere egin dituzu (Iturriak). Non izaten zara gusturago? Polifazetikotzat duzu zure burua?
Ba, erantzun tipikoa da baina medio bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta ezin dira konparatu. Momentu honetan musikari eskaintzen diot denbora gehien.
Joan den urtean atera zen Gora Japon taldearen lehen lana. Nolako ibilbidea izan du lan horrek? Pozik zaudete? Besterik hemendik aurrera? agian Mursegorekiko lankidetzan?
Bai, pozik gaude. Diskoa ondo saldu da eta nahiko kontzertu eman ditugu negu aldean. Orain gauza berriak frogatzen gabiltza. Sampler bat ere utzi digute eta uda honetan kantu berriak prestatzen ibiliko gara. Eta Mursegoko Maite aspalditik da laguna eta bai Gora Japonekin eta bai bestela ere jo izan dugu elkarrekin, eta ziur joko dugula aurrerantzean ere.