
Iturritik Jaialdiaren laugarren edizioa urriaren 16a eta 19a bitartean ospatuko da Donostiako antzoki eta plaza ezberdinetan, aretoak eta kaleak dantzarekin aktibatuz.
Arduradunek esan duten bezala, “Iturritik Jaialdia sustraietatik jaiotzen da, gure oroimen kolektiboa bizirik mantentzen duen iturburu horretatik, eta aldi berean garaikidetasunerantz egiten du bidea. Jaialdiaren laugarren edizio honek herrikoia eta eszenikoa, belaunaldiz belaunaldi transmititutakoa eta gure kultura ondare bizia bihurtzen duten begirada berriak uztartzen dituzten proposamenak elkartuko ditu.”
Aurten ere, areto eta kaleko ikuskizunek osatuko dute programa. Azken hauek, Okendo kaleko plazan emango dira eta Ereintza Dantza Taldea eta Kresala Dantza Taldearen esku egongo dira. Victoria Eugeniako eszenatokiak berriz, Bilaka kolektiboaren eta Adriana Bilbaoren konpainiaren lanak hartuko ditu, eta jaialdiari bukaera emateko ospatuko den galan, Arkaitz, Eskola, Goizaldi eta Donostiako Udal Txistulari banda ikusi eta entzuteko aukera izango da.
Bestalde, euskal dantzarako interes berezia dutenentzat Aiko Taldeak ikasturte osoko ikastaroak eskaintzen ditu Victoria Eugenia Antzokian.
Programako egitaraua hurrengoa da:
Bezperan, Bilaka. Urriak 16, Victoria Eugenia Antzokia
Gu Agustina, Ereintza Dantza Taldea. Urriak 17, Okendo Plaza
Maitasunak/Amores, Adriana Bilbao. Urriak 18, Victoria Eugenia Antzokia
Hitaz Orhoit, Kresala Dantza Taldea. Urriak 18, Okendo Plaza
Dantza Gala. Urriak 19, Victoria Eugenia Antzokia