
Loraldiak sei proiektu hautatu ditu aurtengo udako gazte kultur sormen egonaldietan parte hartzeko. Ekimenaren helburua euskaraz sortzen duten gazteei plaza, denbora, baliabideak eta harreman-sarea eskaintzea da, beren sormen proiektuak garatu eta sendotzeko.
Guztira, hamahiru gazte sortzailek hartuko dute parte Lekeition, ekainaren 23tik 26ra, egingo den sormen egonaldian. Aurtengo deialdian hautatutako proposamenek “aniztasun handia erakusten dute, bai diziplinei dagokienez, bai sormen begiradei dagokienez. Literatura, dantza, dramaturgia, performancea, ikus-entzunezkoa eta diziplina arteko proposamenak izango dira Lekeitioko egonaldian batuko direnak”.
Hautatutako sei proiektuak honako hauek dira: Fauna (Iñigo Satrustegi), Beti neure burua zuritzen (Kattalin Noizbehinka, Paula Brezo), Magala, (Amets Ibarra, Idoia Tapia, Ines Aresti, Nahia Sillero, Nerea Lizarralde), (T)artean (Leire Ondarroa), Lekua lekuko (Alaitz Urrutia) eta Nik bakarrik, berriz (Ziggy Docherty, Aitzol Villahoz, Ismael Munuera).
Proiektu horien atzean daude Iruñea, Durango, Algorta, Erandio, Leioa, Donostia, Bilbo, Tolosa eta Barakaldoko sortzaile gazteak.
Egonaldiak lanerako denbora eta lekua, tutoretza eta laguntza profesionala, ostatu-baldintzak eta harreman-sare berriak eskainiko ditu. Gainera, aste horretan Loraldiak Lekeition antolatuko dituen jarduera kulturalekin lotura zuzena izango dute.
Udako kultur sormen egonaldiek berresten dute, “Loraldiak euskarazko kulturaren garapena, berrikuntza, transmisioa eta ikusgarritasuna sustatzeko duen konpromisoa, eta bereziki, belaunaldi berrien sormenean inbertitzearen garrantzia”.



