IKUS-ENTZUN

Ondarea eta emakumeek eginiko zinema

Euskadiko Filmategiak ondareari eta emakumeek eginiko zinemari eskainiko die Euskal zinemaren zikloa, eta datozen hiru hilabeteetan, 16 film emango dira Gasteizen, Donostian eta Bilbon.

Diogun moduan, apirilean, maiatzean eta ekainean, emakumeek zuzenduriko pelikulak ikusteko aukera izango da Artium Museoan, Bizkaia Aretoan eta Tabakaleran. Besteak beste, film hauek ere emango dituzte: Yoyes (Helena Taberna, 2000), Irrintzi (Mirentxu Loyarte, 1978), La capitana Alegría / Pour don Carlos (Musidora / Jaime de Lasuén, 1921) eta Fuego eterno (José Ángel Rebolledo, 1985).

Zikloa apirilaren 15ean hasiko da Gasteizen, Yoyes (Helena Taberna), Filmaren hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko emanaldiarekin. Helena Taberna euskal zinemagintzako erreferentziazko zuzendarietako baten opera prima da Yoyes. María Dolores González Katarain, Yoyes, ETAko buruzagitzako lehenbiziko emakumezko izan zen.

Ondarea ere izango da beste ardatz bat. Gerra Zibilari eskainitako saio bat izango da, Euskadiko garai hartako gobernuaren Propaganda Atalak ekoitzitako lau filmek osatua: Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937), Semana Santa en Bilbao (1937), Guernika (Nemesio Sobrevila, 1937) eta Elai-Alai (Nemesio Sobrevila, 1938). Era berean, Gure Sor Lekuaren bila (2015) lana ere proiektatuko da. Haren bidez, ziurrenik euskaraz erabat eginiko lehenbiziko dokumentalaren historia osatu du Josu Martinezek.

Komediak ere izango du tokia zikloan, Agur Etxebeste! filmarekin (Asier Altuna / Telmo Esnal, 2019). Era berean, Un novio de mierda film laburra (Borja Cobeaga, 2010) eta Pagafantas (Borja Cobeaga, 2009) ere pantailaratuko dira.

Jakingarri guztiak: Euskadiko Filmategia

Show More

Related Articles

Back to top button