LITERATURA

Jon Miranderi buruzko hitzaldi-zikloa

Jon Miranderi buruzko ikerketa sakona egin du Mikel Sotok Mirande: herriminez, ezin-minez obraren bidez. Lan hori idazlearen gaineko ikerketarik sakonena da.

Duen garrantziagatik, lan hori lau haizetara zabaltzeko, Elkar argitaletxeak eta Deabruaren Eskolak hurrengo hilabeteotan hitzaldi-ziklo bat antolatu dute Euskal Herri osoan zehar.
Saio bakoitzean, Miranderen bizitzaren, pentsamenduaren eta literaturaren alderdi bat jorratuko dute hainbat hizlarik.

Gaur bertan, apirilak 16, abiatuko da zikloa Iruñean egingo den lehen saioarekin. Arratsaldeko 19.00etan, Zaldiko Maldiko elkartean, Mikel Soto eta Jon Alonso mintzakideek Miranderi buruz hitz egingo dute, “gure artean eztabaida gehien eragin dituen idazleak euskal literaturara ekarri zuen modernotasunari buruz eta literatura horretan okupatzen duen leku eztabaidaezinari buruz”. Azkenean, idazle bat, idazle normal bat!: Miranderen eragina ondorengo belaunaldiengan izena jarri diote saioari.

Hil honetan ere beste bi saio egingo dira: bat Gasteizen, Montehermoso Kulturuneko Ortuño Aretoan, apirilaren 22an, 18:30ean, Miranderen gaineko ikerketak eta eztabaidak: blokeoak, urratsak, beharrak eta erronkak, Mikel Soto eta Miel Anjel Elustondorekin; eta bestea Donostian, Fermin Calbetoneko Elkar dendan, apirilaren 23an, 18:30ean. Hor, Mikel Soto eta Amaia Elizalde bilduko dira Haur Besoetakoa: gaurkotasuna eta etorkizuna gaia jorratzeko.

Datozen asteetan Bergaran, Lakuntzan eta Zuberoan zehazteke dagoen herri batean ere egingo dira solasaldiak.

Show More

Related Articles

Back to top button