
Gaur hasita eta datozen hiru hilabeteetan, Euskadiko Filmategiak Euskal Zinema zikloa jarriko du abian ondareari eta emakumeek eginiko zinema ardatz direlarik. Guztira 16 film emango dira Gasteizen, Donostian eta Bilbon.
Diogun moduan, apirilean, maiatzean eta ekainean, emakumeek zuzenduriko pelikulak ikusteko aukera izango da Artium Museoan, Bizkaia Aretoan eta Tabakaleran. Besteak beste, film hauek ere pantailaratuko dituzte: Yoyes (Helena Taberna, 2000), Irrintzi (Mirentxu Loyarte, 1978), La capitana Alegría / Pour don Carlos (Musidora / Jaime de Lasuén, 1921) eta Fuego eterno (José Ángel Rebolledo, 1985).
Zikloa apirilaren 15ean hasiko da Gasteizen, Yoyes (Helena Taberna) lanarekin. Filmaren hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko emanaldia izango da hori. Helena Taberna euskal zinemagintzako erreferentziazko zuzendarietako baten opera prima da Yoyes, eta bertan, María Dolores González Katarain, Yoyes, ETAko buruzagitzako lehenbiziko emakumezkoaren istorioa kontatzen da. Ana Torrent, Ernesto Alterio, Florence Pernel, Ramón Langa eta Manuel Morón dira bertako aktoreak.
Gaur berton, Artium Museoko Emanaldi aretoan izango da saioa 19:00etan hasita. Hilaren 17an Donostiako Tabakaleran pantailaratuko da, eta 18an, Bilbon, EHU Bizkaia Aretoan.
Ondarea ere izango da beste ardatz bat. Gerra Zibilari eskainitako saio bat izango da, Euskadiko garai hartako gobernuaren Propaganda Atalak ekoitzitako lau filmek osatua: Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937), Semana Santa en Bilbao (1937), Guernika (Nemesio Sobrevila, 1937) eta Elai-Alai (Nemesio Sobrevila, 1938). Era berean, Gure Sor Lekuaren bila (2015) lana ere proiektatuko da. Haren bidez, ziurrenik euskaraz erabat eginiko lehenbiziko dokumentalaren historia osatu du Josu Martinezek.
Komediak ere izango du tokia zikloan, Agur Etxebeste! filmarekin (Asier Altuna / Telmo Esnal, 2019). Era berean, Un novio de mierda film laburra (Borja Cobeaga, 2010) eta Pagafantas (Borja Cobeaga, 2009) ere pantailaratuko dira.
Jakingarri guztiak: Euskadiko Filmategia



