
La Dramática Errante taldearen Romeo y Julieta lana gaztelaniaz (apirilak 16, 17 eta 18) eta euskaraz (hilak 19) ikusi ahal izango da Bilboko BBK Salan. María Goiricelayak eta Ane Pikazak osatzen duten konpainiak Shakespeare-ren Romeo eta Julieta klasikoari buruzko berrikuspen garaikidea egin du.
Goiricelayaren hitzetan, lana berezia da “fluidotasun emozionaleko, sare sozialetako eta harreman sexoafektiboen forma berrietako garai hauetan”. Muntaketak “maitasun erromantikoaren mitoa -esklusiboa, binarioa, tragikoa- zalantzan jartzen du, eta gaur egun den bezala besarkatzen du: likidoa, anitza, aldakorra, korporala, disidentea…”.
Hortaz, Veronako bikote ospetsuaren historia gaur egungo ikuspegi batetik errebisatzen da, gaur egun maitale izateko beste modu batzuk erretratatzen dituzten hainbat istorio eta pertsonaiaren bidez.
laneko aktore-taldean Aitor Borobiak, Nagore Gonzálezek, Egoitz Sánchezek, Luix Mitxelenak eta Ane Pikaza aritzen dira. Nabarmentzekoak dira eszena-proposamenean garrantzi berezia duten eszenografia eta jantzi proposamena (Azegiñe Urigoitiaren eskutik) eta musikak eta soinu-espazioak (Ibon Belandiarenak).



