
Bilboko Udalak BLV-ART jaialdia abiatuko du gaur, apirilak 16, eta 26ra bitartean luzatuko da Bilbo Zaharreko hainbat espaziotan “sorkuntza artistikoko formatu berriak erakusteko”. Aurtengo jaialdiak XX. edizioa beteko du eta horren harira egitarau zabala eta anitza prestatu dute antolatzaileek Berreginen Museoan, Bilborocken, Arriaga Plazan eta San Frantziskoko Udaltegian plazaratuko dena.
Egun horietan guztietan, publikoak antzerkia, ikus-entzunezkoak, performanceak eta dantzarako piezak ikusi ahal izango ditu hamar konpainiaren eskutik. Guztira hamaika emanaldi izango dira, guztiak Bilbon lehen aldiz programatuak, tartean bost erabateko estreinaldi eta Euskadin hiru estreinaldi.
Diogun moduan gaur berton abiatuko da ekimena Bilborock aretoan Raira Rosenkjar sortzailearen Tetas piezarekin. “Eszenatokian emakume bat, emakume izan aurretik titi izan zena, eta titi izateagatik emakume bat besterik ezin izan zena. Titiak kulunkatzen, astintzen, zurrupatzen, gorputzetik hedatzen. Samurtasun-keinu bat, lotura-nahi bat. Bularra ematea bularra ematea nolakoa den gogoratu nahi duenari, eta bularra ematen zaion begietara begiratzea”.
Bihar, hilak 17, Berreginen Museoan, 52-BLAU pieza ikusteko abagunea izango da. “Obra honek tristura bizi du gorputzak komunikatzeko gai ez diren testuinguru batean. Urpean, zeruaren urdin bizia, itsasoa eta infinitua ikustea besterik lortzen ez duen begirada. Publikoarekin dantza murgiltzailearen proposamen bat”.
Larunbatean, Arriaga Plazan, Perpetûa Vastarda taldeak Free Tour-Bilbao egingo du. Piezak “hainbat hiritako turistifikazioaren arazoa salatzen du, auzoetan bizi diren pertsonei bozgorailu bat eta espazio kritiko bat eskainiz, arazo horren ondorioek nagusiki eragiten baitiete”. Pieza hau 11:30ean egingo da igandean ere, Arriaga Plazan.
Aste honetako azken proposamena Bilborock aretoan egingo da, Paloma Calle sortzaileak dakarren 100 cosas que hacer hoy mejor que ver este espectáculo lanarekin. Emanaldian poesia, azalkeria, politika, publikoarekiko konplizitatea, umore absurdua edo hutsunearentzako lekua izango da.
Datorren asteko saioak hurrengo albiste batean jorratuko ditugu.



