
Etxepare Euskal Institutuak 15 urte bete ditu aurten, eta urteurrenaren harira, Linguae Vasconum Primitiae, euskaraz argitaratutako lehendabiziko liburuaren ale bakarra, Baionako euskal museoan ikusgai egongo da urtarrilaren 11ra arte.
Ez dago dudarik euskal literaturaren mugarri den obra honen garrantziaz, baina honek ere egilearen legatua ekarri du lehen lerrora. Hain zuzen ere, Bernart Etxepare idazlearen “euskara, jalgi hadi mundura” leloak iradoki bezala, Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura sustatzea, hedatzea eta kanpora proiektatzea du helburu nagusi.
480 urte dira euskal kulturaren eta euskal literatur historiaren obra aitzindaria estreinakoz Bordelen plazaratu zenetik, François Morpain inprimatzailearen eskutik, 1545ean hain zuzen ere. Frantziako Liburutegi Nazionalak maileguan utzita, Baionako euskal museoak zainduko du urtarrila heldu arte, eta bertan izango da pieza hau ikusteko aukera.
Obran, prosaz idatzitako aitzinsolas labur baten ondotik, debozio olerkiak atzeman daitezke, eta ondoren maitasun profanoei buruzko olerkiak. Gero, bertsotan idatzirik, Nafarroako Erregearen aginduz espetxeratua izan zeneko kontakizuna dator, espetxeratze horren arrazoiak zehaztu gabe. Eta bukatzeko, bilduma horretako bi idazki ezagunenak, dantza erritmoei jarraikiz bozkarioz goratasuna ospatzen duten bi olerkiak: “Kontrapas” eta “Sautrela”.