
Atzo Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egin zen aurkezpenean Euskadi Literatura Sariaren irabazleak eman ziren ezagutzera. Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu den Ibone Bengoetxeak jakinarazi zituen hiru kategoria ezberdinetako garaileak.
Euskarazko literaturan, Unai Elorriagak eraman du saria Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa) lanagatik. Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria, Karmele Mitxelenak jasoko du Aita Floren (Elkar) lanagatik eta Literatur Lanaren Ilustrazioa saria Maite Rosenderentzat izango da, Traba (Denonartean) laneko ilustrazioengatik.
Epaimahaiak nabarmendu duenez, Traba proposamen ausarta da kolore aukeraketari eta irudien figurazioari dagokionez. Testuak eta irudiak maisuki bat egin dute, eta liburuaren kutsu espresionista publiko guztiarentzat egokia dela erantsi dute, zintzoa, zuzena eta bizipozerako dei egiten duena.
Bestalde, Elorriagaren lana apustu literario sendoa dela azpimarratu dute, narrazio liburuaren eta nobelaren artean hari ezberdinei tiro eginez osatu du maisuki lana, eta irakurlearen eskutan utzi du hari horiek jostea eta gehiago edo gutxiago korapilatzea.
Azkenik, Aita Florenen, egileak heriotza bezalako gai pisutsu bat modu leun, arin eta hurbileko kontakizun batean kontatzeko abileziak eman dio jaso duen harrera bikaina. Liburu honek barne-hizketaren erabilera bereziki nabarmentzen du, gizarte isolatuago batean horren garrantzia eta beharra adieraziz.