
Elgoibarreko Ongarri Argazki Taldean, Jon Garate argazkilariak Noraezean izeneko erakusketa paratu du. Bertan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eraikuntza lanek paisaian utzi dituzten ondorio itzelak agerrarazi ditu.
Erakusketaren antolatzaileen esanetan, “Argazkilariaren begiradak eskutik garamatza mugarik eta bururik gabeko garapen zoroaren lorratzetatik. Tokiko periferia ertainean zehar han-hemenka, desarrollismo garaikideak eragindako zauri itzulezinek zalantzan jartzen dituzte bide-orri hegemonikoak urteetan zehar finkatu nahi izan duen narratiba. Identitatea eta lurraldea, garapena eta jasangarritasuna, hitza eta ekintza aurrez-aurre agertzen dira Abiadura Handiko Trenaren proiektuak Debagoienan eta Durangaldean gorpuztu duen errealitatea jorratzen duen lan dokumental honetan.”
Egileak esan du: “Lan honek bi urte eta erdiz eraman nau Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eraikuntza lanen inguruan nire gertuko periferian zehar ibiltzera, Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) bailara menditsuetan. Bertan, euskaldunontzako horren sinboliko eta identitarioak diren ingurune naturalaren hondatze eta galerak sortutako mina islatzen saiatu naiz batetik. Bestetik, horrelako garapen batek atzetik damaran begirada, sakoneko mundu ikuskera, non jatorriz hetereogeneoa eta kaotikoa den ingurune bat begirada geometriko, neurtu eta kalkulatu batez ordezkatzen den. Hori guztia inoiz iristen ez den balizko hitzemate baten izenean, baina zeinen eraginak orainean agerikoak, nabariak eta itzulezinak diren. Hortik sortzen da Noraezean.”



