Elena Ciordia artistak formatu txikiko akuarela bilduma aurkeztu du Bilboko Espacio Aerre aretoan, uztailaren 31rarte. Bilbo hiriaren egunerokotasunari eginiko akuarelazko keinua eta ikuspegia landu ditu artistak, postal formatuaren bidez. “Hiria bera ikusteko modua da, ez bere arkitekturaren bitartez, baizik eta hiria berari bizitza ematen dioten ibiltarien laguntzaz.
Bere pintura zertan den eta bestelako kontuez mintzatu gara berarekin.
- Zer nolako margolaria da Elena Ciordia? Nola hasi zinen pinturaren munduan?
Txikitatik gustatu zait pintura. Nire aitak margotzen zuen eta niri izugarri gustatzen zitzaizkidan koloreak, testurak… gauza guzti horiek. Arte Ederrak egin nituen unibertsitatean beti pentsatuz pintura munduan bizi nahi nuela. Ikasketak amaitu eta gero margotzeari ekin nion eta lehenengo erakusketa Bilboko Arteta Galerian egin nuen. Urte batzuk pasa eta gero Ederti Galerian erakutsi nituen nire lanak. Gero Valladolid, Valentzian eta Bartzelonan ere erakusketak egin nituen. - Hiperrealismoaren esparruan ere aritu zara, ezta?
Bueno, ez dut nire burua etiketa batekin lotuta ikusten. Hasieran naif lengoaia erabiltzen nuen eta gero, apurka apurka, estiloa aldatu nuen. Pintore batzuk oso azkar topatzen dute bere lengoaia, baina nik ez. Urte asko pasatu ziren egiten nituen gauzekin gustura egon arte. Natura gustatzen zait. Gauza txikiak eta sinpleak inportanteak dira niretzat eta hori islatzen nuen nire koadroetan. - Lan haiek kontenplazioaren gozamena iradokitzen zuten.
Noizbehinka gauza batzuk ikusten dituzu eta pentsatzen duzu: hau margotu behar dut. Eta egiten duzu. Niretzat bazen “e, itxoin, gelditu, begiratu zer daukazun ondoan eta gozatu!” esateko modu bat. - Duela gutxi, Bilboko Espacio Aerre aretoan, formatu txikiko akuarela bilduma aurkeztu duzu. Zer erakutsi nahi izan duzu? Hiriak duen xarma pintatu nahi izan duzu?Duela urte batzuk hasi nintzen akuarelak egiten eta gustura sentitzen nintzen. Proposamena bazen hiriko ohiko tokiak margotzea baina pertsonekin batera, eta horrela sortu zen erakusketa txiki hau. Aldi berean, postal bilduma bat argitaratu dugu, nire lana ezagutarazteko.
- Natura eta hiria ez ote dira elementu kontrajarriak? Zerekin aritzen zara gusturago?
Bi mundu desberdinak dira baina bi esparruetan eroso sentitzen naiz. Hala ere, lan hauetan arkitektura ez da elementu nagusia, pertsonak baizik. Jendea paseatzen, korrika egiten… eszenatoki ezagun batean, Bilbon konkretuki. Elementu arkitektonikoek hiria identifikatzen laguntzen digute. Oso gustura egon naiz bilduma hau prestatzerakoan. Arkatza, pintzela urarekin,… hau sentitzea gozamen bat da. - Zertan ari zara orain. Zein proiektu duzu aurrera begira?Azken boladan galerien munduko krisialdia ikusita, ilustrazio esparruan murgildu naiz. Horrela, duela gutxi Guggenheim museoak liburu bat argitaratu dit, egun bat museoan erakusteko (jendea koadroak ikusten, lerroan museoan sartzeko, Puppy aurrean argazkiak ateratzen…). Gainera, beste bat daukat argitaratzeko prest, espero dut hilabete gutxi barru izatea. Ideia gehiago ere ditut baina zehaztu gabe.