
Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko, eta bere urteurren hori behar bezala ospatzeko, Euskaltzaindiak egitarau zabala antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Gabriel Aresti Katedrarekin, Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean.
Urte osoko egitaraua ekainean abiatu zen Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu batekin. Horren ostean, makina bat jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emanaldiak ondu dira.
Bada musikak jarraipena izango du Aresti omentzeko, eta hala, abenduaren 4an, BBK Aretoan (19:00etan) Gabriel Aresti Mug(H)arri saioz gozatzeko aukera egongo da. Joxan Goikoetxea musikariak Aresti omentzeko beren-beregi sortutako ikuskizuna da. Hitzaren eta kulturaren arteko harremana sarritan uztartu izan duten EusKameratako kideak (Beñat Egiarte, Amaia Azkue, Xabier de Felipe eta Xabi Paya) lagun dituela, Arestiren figurarekiko ibilbide sentikor eta intelektuala proposatuko du Goikoetxeak lan honekin.
Bigarren kontzertua abenduaren 10ean izango da, Arriaga Antzokian, 19:30ean. Bertan, euskal kantutegiko abesti ugari interpretatuko dira, tartean, Arestik berak idatzitako batzuk. Oholtza gainean izango dira Jon Maia bertsolaria, Rafa Rueda musikaria eta Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatza. Entzungo diren beste abesti ezagun batzuk Zeruan eder ilargia (Aita Donostia), Maitia nun zira (José Uruñuela), Aitarik ez dut (Errobi) edo Lau teilatu (Juan Carlos Pérez) izango dira. Azkenik, Rafa Rueda musikariak Arestiren hitzekin borobildutako lau kanta joko ditu.



