LITERATURA

Alberdania argitaletxearen etapa berria

Alberdania argitaletxea berriturik dator diseinu eta logo modernoagoekin. Egunotan Patrika sail berria ere inauguratu du bi libururekin:  Santi Leonék, Katixa Dolharek eta Gorka Bereziartuak idatzi duten Zer egin Miranderekin, eta Markos Zapiainek idazti duen Ni laiko.

Aldaketa garaiak bizi ditu liburuaren sektoreak, eta argitaletxeak norabide berri bati ekin dio, eta lehen emaitza da argitaletxearen logoaren berritzea. Argitaletxea 1993an jaio zenetik logo berdina izan du, Antton Olariagak diseinatutako irudi jada klasikoa. Baina garai berriek apustu berriak eskatzen dituzte, baita estetikoak ere. Eta logo berria eramango duten lehen bi liburuak atera dira orain: logo beltz, klasiko, atenporal, elegantea, liburu ireki bat izan daitekeena, edo eguzkia sortzen egun berriaren aurrean.

Esan bezala, aipaturiko bi liburuek sail berri bat inauguratu dute: Patrika. Autore-saiakera literario laburrak hartuko ditu bildumak. Kasu honetan, Santi Leoné, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartuak Jon Miranderen obra eta figura aztertu dute, “bakoitzak bere prismatik, baina oro har literatura eta moralaren arteko auzia agerian jartzen duen autorea den neurrian”. Hortaz, liburuak hiru testu nagusi jasotzen ditu, hiru izen kontrastatuk idatziak, bakoitzak Jon Mirande euskal idazlearen eta haren obraren ikuspegi propioa eskainiz.

Bigarren lana Markos Zapiainek sinaturik dator, eta “bere autobiografia erlijiosoa” dela esan daiteke. Zapiainek “erlijioarekin, sinesmenekin eta, batez ere, laikotasunarekin izan duen esperientzia kontatzen digu, pasarte biografikoak hausnarketa filosofikoekin nahastuz, anekdota ustez hutsalenak hausnarketa politiko zorrotzenekin”. Adimen artifizialak sekula idatzi ezingo lukeen liburu honek, sinestuna zein fedegabea, guztiak ere aseko ditu.

Show More

Related Articles

Back to top button