LITERATURA

Emakume etorkinen egoeraz

Zadie Smith idazlearen Kanbodiako enbaxada lana euskaraz dugu Igela argitaletxeari esker eta Garazi Ugaldek eginiko itzulpenari esker.

Argitaletxeak eman dizkigu lan berri horren inguruko argibideak: Fatou etorkina da, hainbat herrialdetan bizi izan dena Londresera joan aurretik. Neskame ari da etxe batean lanean. Bere aisialdiko denbora igeriketaren eta bere lagun Andrewrekin dituen hitzorduen artean banatzen du. Hainbat gairi buruzko elkarrizketak ditu harekin: erlijioa, arrazakeria… Itxura ahulekoa bada ere, oztopoen aurrean hautsi ez den emakumea da Fatou; egokitu zaion patuari amore emanda, ez du inoiz lasaitasuna galtzen.
Hemen agertzen diren elementu asko etengabeak dira Zadie Smithen obran; hitz bakoitza, esamolde bakoitza, pasadizo bakoitza arrazoi batengatik dago hor, ezer ez da kasualitatea. Egileak emakume etorkinen egoeraren zati bat jasotzen du Fatouren begietatik egindako kontakizun original honetan. Bere errutinak bere askatasunaren mugak eta bere etorkizunaren ezegonkortasuna ulertzen laguntzen digu. Era berean, esklabotza modernoari eta gizarte-desberdintasunei buruz hausnartzera behartzen gaitu.

Zadie Smith eleberrigile, saiakeragile eta kontakizun laburren idazle britainiarra da. Bere lehen eleberria, White Teeth (2000), berehala bihurtu zen best-seller, eta hainbat sari irabazi zituen. Honako eleberri hauek ere baditu: The Autograph Man (2002), On Beauty (2005), eta NW London (2012).

Garazi Ugalde itzultzaile-interprete lanetan aritzen da Gipuzkoako Foru Aldundian. Literatur itzulpenaren arloan, May Ayim poeta afroalemanaren antologia (MPK, Susa, 2020), Louise Glück nobel saridunaren Basairisa poema-liburua (2021) eta Basati (2023) album ilustratua ekarri ditu euskarara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button