BESTELAKOAK

Pornoterrorismoa Txalapartaren eskutik

Diana J. Torres artistak (Madril, 1981) Pornoterrorismo liburua argitaratu berri du Txalaparta argitaletxearekin. Madrildarra performancean eta bideo-sormenean ere aritzen da. Joan den astean Iruñean eta Donostian izan da liburua aurkezten.

Liburu honek ez du kontzeptu berri baten azalpen hutsa izan nahi, ez da teoria hutsa. Beste zerbait izan nahi du. Izateko, bizitzeko modu bat ezagutarazi nahi digu. Izan ere, pornoterrorismoa taupadaka dagoen zerbait da, borborka, desiraren eta irudimenaren arteko bulkada bat.

Bide horretan, kontakizun biografikoa eta hausnarketa sakona da lan hau, sexuari, sexu-jarduerei, moralari, politikari eta abarri buruzkoa. “Eliza, estatuaren eta sendagileen artean lortu dute guztiok sexualitate ziztrina izatea. Nire esperientziaz mintzo naiz. Liburua saiakera eta autografiaren artean dago”, adierazi du egileak Berria egunkarian.“Bai. Kritika egiten diot erakundeen diskurtso feminista eta gay-ari. Esaten digute maritxuen eta lesbianen %90k normalak izatea nahi dutela, gizarteratu, ezkondu, haurrak izan, eta gizartearen tolerantzia jaso. Toleratzea bizitza barkatzearen parekoa da. Normalizazioa gaitzesten dut. Homosexualen arteko ezkontza, esaterako: niri ongi iruditzen zait jende guztiak eskubide berdina ezkonduz zorigaiztokoa izateko. Guk ez dugu normalak izan nahi, ez horixe”, azaldu du Berria kazetan.

Torresek Filologia Hispanikoa ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean eta diziplina anitzeko artista da. Halere, performancean eta bideo-sormenean aritzen da gehien. Zuzeneko ekitaldiak egiten ditu. Ekitaldi horien bitartez publikoaren inplikazio emozionala, politikoa edota sexuzkoa bilatzen du. 2006 urteaz geroztik, bere lana pornoterrosimo kontzeptuan ardaztu da. Kontzeptu hori berak eta Pablo Raijensteinek asmatu zuten 2001 urtean. Gai honi buruz gehiago jakin nahi izanez gero sartu hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button