BESTELAKOAK

Bidaiei buruzko ikuspegi ezberdinak

Apirilaren 4tik 13ra arte, Begoña eta Santutxuko Udaltegietan Bidaiarien Txokoa programa garatuko da. Ekimenak bidaiariak biltzea du helburu, haien bizipenak partekatu ditzaten. Aurten, programaren 20. urteurrena da, eta hamar egunetan dokumentalez, hitzaldiz, tailerrez eta kontzertuz beteriko programa eder batekin gozatu ahalko da.

Aurtengo zikloa Asia erdialdeko Khorasan eskualdeko musika ekarriko duen Badieh Trio taldearen kontzertuarekin hasiko da. Ostiralean izango da hitzordua, Begoñako Udaltegian.

Eta datorren astean hitzaldi zikloa hasiko da. Lehen egunean, apirilak 9, Igone Mariezkurrenak Westfjords Islandia ezezagunena bizikletaz izeneko emanaldia egingo du. Zirkulu polar artikotik 50 kilometro eskasera dagoen Westfjords eskualdea iskin ezezaguna da Islandian. Ring Road bide sonatua ez da bertara heltzen eta, beraz, ezta urtero herrialdera iristen diren milioika bisitariak ere. Gogo-gorputzarentzat benetako erronka da munduko bazter hau bizikletaz eta autosufizientzia eran esploratzea. Zenbaiten hitzetan, Europako azken bazter basatia da.

Hilaren 11n, David Fernandezek eta Amaia Magureguik Cien Lenguajes hitzaldia egingo dute. Cien Lenguajes ikerkuntzako, zinema dokumentaleko eta bidaiako proiektu bat da, munduan zehar hezkuntzaren ikuspegi alternatibo eta itxaropentsu bat eskaintzen duten eskolen, irakasleen eta ikaskuntza-komunitateen bila ari dena. Dokumentalaren bidez, gizarte modernoaren premietara egokitzeko xedez hezkuntzaren ikusteko eta egiteko moduak aldatzen ari diren ekimenetara hurbilduko dira ikusleak.
Eta hilaren 12, Josu Iztueta abenturazale euskaldunarekin hitzordu ederra izateko gonbitea dakar zikloak. Nairobitarra autobus mitikoak eman zion aukera denbora eta espazioa beste pertsona batzuekin partekatzeko, irakastea baino ikastea zuela helburu.

Horretaz gain, Begoñako eta Santutxuko Udaltegietan, urtero egiten den bezala, Mendi Film Jaialdian parte izan diren dokumentalen sorta ederra ikusteko parada egongo da beste behin. Lan aipagarrienen artean daude, adibidez, Elevated, Eskaladako Film Onenaren Saria jaso zuena, eta Crying Glacier, Mendi Film 2023 Film Labur Onenaren Saria, besteak beste.

Programak bi erakusketa ere aurkeztuko ditu: aipatutako Cien lenguajes, Amaia Maguregui eta David Fernández argazkilariena, eta Gagauzia, minoría étnica en la estepa moldava, Diego Herrera Carcedo kazetari eta argazkilari dokumentalarena. Biak apirilaren 5etik aurrera bisitatu ahal izango dira.

Datu zehatzagorik behar izanez gero: Bidaiarien Txokoa programa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button