IKUS-ENTZUN

FANT jaialdiak euskarazko film laburren ekoizpena bultzatzeko laguntza banatu du

Dakizuenez, FANT jaialdia aste honetan egiten ari da Bilbon. Makina bat kontu dakar aurtengo programazioan, eta horietariko batek sustapenarekin du zerikusia.

Bilboko Udalak antolatutako FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren esparruan, PITCH bat egin zen asteartean, euskarazko fantasiazko film laburren ekoizpena bultzatzeko laguntza berriaren proiektu irabazlea hautatzeko. Laguntza hau banatzen den lehen urtea da, eta film laburren aldeko apustua egin du jaialdiak, euskarazko fantasiazko film laburren ekoizpena babesteko, eta irabazleei hizkuntza horretan film labur bat egitea errazteko.

Proiektu irabazlea Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion pieza izan da. Lan hori ekoizteko egileak 5.000 euroko laguntza jasoko du.
Epaimahaia EiTBko Ekoizpen Saileko Josu Bilbaok, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendari Josemi Beltranek eta FANTeko zuzendari Justo Ezenarrok osatu dute, eta 13 hautagairen artean aukeratu dute proiektu irabazlea. Epaimahaiaren irizpidearen arabera, Amaia San Sebastianen lanak irabazi du “ikusmen eta soinu ahalmen handia metraje txikian biltzen duen proiektua delako, beldurrezko generoaren topiko batzuei ikuspuntu desberdina emanez”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button