BESTELAKOAK

“Gazte Sortzaileak” beka eskatzeko epea ireki da

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Gazte Sortzaileak izeneko beka abiarazi du, gazteek beren sormen-lanak euskaraz egin ditzaten. Interesdunek uztailaren 15era arteko epea dute beren lanak aurkezteko.

Bi kategoria daude: 16 eta 24 urte bitarte eta 25 eta 35 urte bitarte. Gazteak banaka edo taldeka aurkez daiteke, eta aurkeztu beharreko proiektuek “lotura estua izango dute ahozko adierazpenarekin, eta euskarazko kulturari ekarpena egitea izan behar dute helburu”. Proiektuak esparru honetakoak izan daitezke: antzerkia, bakarrizketa, poesia errezitaldia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, edo baita genero bat baino gehiago uztartuta ere.

Hautatutako pertsonek 4.000 euro arteko dirulaguntza izango dute, bai eta sorkuntza-prozesu osoan alboan izango dituzten profesionalen aholkularitza ere. Beka onartzen dutenetik sei hilabeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko.

Aurreko edizioko irabazleek laster aurkeztuko dituzte beren proiektuak. Apirilean, Aitziber Jiménez de Aberasturiren Ogi beltza podkasta entzun ahalko da. Mitxel Elortzak maiatzaren 15etik aurrera argitaratuko du Aneren abenturak mahai-jokoa. Marta Berganzok Gure Kutxa antzezlana estreinatuko du ekainaren 29an, eta Nefer Olaizolak bere performancea aurkeztuko du irailaren 15ean Labe Gazte Laborategian.

Bekaren bidez, azken hamar urteotan, 30 gazte baino gehiago izan dira beren kultur proiektuak garatzeko eta prozesu horretan ikasteko aukera izan dutenak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button