KULTURARTEKOTASUNA

Immigrazioa eta euskara uztartuz

Egunotan, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak euskara, dibertsitate eta migrazio gaietan sakondu nahi izan dute, horretarako propio eratutako jardunaldi batzuetan. Euskara tresna dela, etorkinen integrazio linguistikoa eta kulturala ahalbidetzeko bide berriak aztertzea izan da mintegiaren helburua.

Goian aipaturiko alorretako adituen ekarpenak eta euskara etorkinengana hurbiltzeko xedez hainbat euskal udalerritan garatzen ari diren ekimenak haizatu dituzte jardunaldiotan.

Mintegiko lehen hitzaldian, Begirune Fundazioko Jose Antonio Oleagak inklusioaren eta gizarteratzearen arloan gauzatzen ari diren zenbait politika publiko azaldu ditu, bai eta euskarak testuinguru horretan duen lekua ere. Ostean, Xabier Aierdi Begirune Fundazioko kideak immigrazioa serio hartu behar dugula, udal plangintza guztietan kontuan izanez, egoera berriari aurre egiteko teknikariak kontratatuz esan du. Eta galdera batzuk bota ditu: “Nori dagokio euskara, batez ere, immigraziora hurbiltzea? Lan hori Hezkuntzari dagokio bakarrik? Udalek parte hartu behar dute? Gizarteak izan behar du erantzukizuna?….

Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu ikertzaileek herri euskaldunetan bizi diren migratzaile erdaldunen bizipen eta iritziei buruz jardun dute. Makina bat herritan eginiko inkestaren emaitzak plazaratu dituzte ikertzaileek. Udalerrien egunerokotasunean euskarak duen presentziak, erabilerak, asko eragiten duela ondorioztatu dute.

Jardunaldiaren bigarren atalean, udal ordezkariek tokian tokiko esperientziak mahairatu dituzte. Atal horretan, ondokoen testigantzak entzuteko aukera izan da: Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko migrazio eta aniztasun teknikariarenak; Samira Goddi Errenteriako Udaleko elkarbizitzarako eta lankidetzarako teknikariarenak; eta Alex Vadillo eta Elena Urzelai Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikarienak.

Argi dago, baliabide berriak sortu behar direla inmigranteei laguntzeko, eta era berean, hiriko eragileen arteko komunikazio-kanalak sortu behar direla, “integrazioa norabide bikoa baita: elkar ezagutu, elkar onartzeko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button