LITERATURA

Arestik euskal idazleengan izan duen eraginaz

Ostiralean, azaroak 14, Euskaltzaindiaren egoitzan, Gabrielen Ispiluetan Barrena izeneko jardunaldia antolatu du Akademiak Bilboko Udalaren babesarekin. Hainbat belaunalditako poetari luzatutako galdera bat izango da abiapuntua: Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?

Ekimena Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zenetik 50 urte bete direnean antolatu da, baina ekainean estreinatu zen egitaraua Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu eder batekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez.

Bihar, poetaren heriotzaren 50. Urteurrenean, Edorta Jimenezek, Tere Irastortzak, Harkaitz Canok, Sonia Gonzalezek, Iñigo Astizek eta Leire Vargasek beren gogoeta poetikoak eskainiko dituzte jendaurrean. Hori goiz partean izango da (09:30-13:30), eta, arratsaldean, antzerkia eta musika uztartuko dira Mikel Martinez eta Eñaut Elorrietaren eskutik. Bilbotar antzerkilariak Olerkari bakarrizketa emango du (19:00etan), eta Gernikako musikariak Aresti kantatuz kontzertua (19:30ean).

Gaur ere, antzerki-saioa izango da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko auditorioan (Leioa). EHUko Gabriel Aresti Katedrak antolatu du, eta Kandido Uranga eta Inazio Tolosa izango dira oholtza gainean Arestiren poemak errezitatzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button