IKUS-ENTZUN

Euskal Herriko zinema-aretoetan, “Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” dokumentala ikusgai

Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala azaroaren 14tik aurrera izango da ikusgai Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan. Gaur, azaroaren 13an, Iruñean egingo dute aurrestreinaldia, 19:00etatik aurrera, Golem Yamaguchi aretoan. Ipar Euskal Herrira, aldiz, 2026ko urtarrilean iritsiko da. Iruñean, Bilbon, Donostian eta Madrilen izango da ikusgai filma, eta ondoren, herriz herriko zirkuituari ekingo dio.

Inge Mendioroz Ibañez andoaindarrak zuzendutako Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako izeneko dokumentalak 73. Donostia Zinemaldiaren Zinemira sailaren ateak zabaldu zituen. Urriaren 23an, Gasteizko Euskal Dokumentalen XI. Astearen programazioaren baitan eman zuten, eta, azaroaren 23an, Hazparneko Zinegin jaialdian ere izango da ikusgai.

Dokumentalak Lurdes ezagutu eta bere lana erakustea du xede, eta hainbat gai lantzeko bidea ere eman dio Inge Mendioroz Ibañez egileari: emakumearen papera gure historian, erreferenteen beharra norberaren identitatea sortzeko… Izan ere, “zein arrazoi egon liteke Lurdes bezalako emakume batek egindako lan handia ez ezagutzeko? Nahita ala nahi gabe ezabatu, ezkutatu eta isildu al da? Egilearen ustez, nekez uler daiteke eta halako hutsik”.

Inge Mendioroz Ibañez zuzendariaren sorkuntza da eta Idoia Garzes Aldazabal idazlearena da gidoia. Haritz Arrizabalaga Garmendia aritu da argazki-zuzendaritza lanetan eta Koldo Corella Ugalde arduratu da soinu-diseinuaz. Inge Mendiorozek berak burutu ditu muntaia-lanak, eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariarenak dira doinuak.

Aktore taldea Ihintza Alkainek, Leire Leizaolak eta Shakti Olaizolak osatu dute. Filmean agertzen diren elkarrizketatuen zerrenda hauxe da: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button