BERTSOTAN

Zestoa eta Urepele gertuago

Zestoa eta Urepele herriak senide bilakatuko dira, eta horretarako makina bat ekitaldi antolatu dituzte, Xalbador urepeldarra eta Uztapide zestoarra lotura gisan harturik.

Duela egun batzuk Maialen Lujanbio, Saioa Alkaiza, Alaia Martin, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Aroa Arrizubieta aritu ziren bertsotan bertan. Joan den astean Urepele Eguna ospatu zen Zestoan, eta artisauen azoka ere antolatu zen. Urepeletik etorritako txaranga batek animazioa zabaldu zuen herriko kaleetan. Urrian bueltako jaia izango da, eta Urepelen Zestoa Eguna egingo da.

Eta gaur berton ere egongo da zertaz gozatu, bertsogintzari dagokionean behinik behin. Pako Aristi idazleari Zestoako Udalak liburua idazteko enkargua egin zion, eta hortik sortu da Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi (Erein) izeneko lana.
Euskal Herriak eman dituen bertsolaririk handienetakoak diren Manuel Olaizola (Uztapide) eta Fernando Aire (Xalbador) bertsolarien arteko adiskidetasunaz idatzi du Pako Aristik.
Bata Zestoan jaio zen, eta bestea, Urepelen, baina distantzia horrek ez zuen bion arteko laguntasuna kamustu, eta bertsolari handiak izateaz aparte, lagun handiak ere izan ziren, beti ere bertsoaren munduan barneraturik. Elkarri idatzi eta bidaltzen zizkioten gutunetan bertsoak, estimu handiz. “Bien tartean muga bat egon arren, eta bi euskalkitan kantatu arren, elkar osatu zuten hogeita hamar urtez iraun zuen adiskidantza baten bitartez. Haien ereduari jarraituz, orain bi herriak, Zestoa eta Urepele, senidetu egin dira”.
Pako Aristik bibliografia oparo bat aztertu  ondoren liburu liluragarri bat ondu du nobela bat bezala irakurtzen dena. Idazlearen dohainez testigantza ederrak jasotzen dira, eta narrazioan txertaturik doazen bertsoen bitartez giro ederra hartzen du lan zirraragarriak.

Bada, diogun moduan, Zestoako Kultur Etxean aurkezpen mahai-ingurua egingo da gaur, ekainaren 19an, 19:00etan. Bertan Pako Aristi idazlea, eta Xabier Amuriza izango dira. Moderatzaile lanak Jon Artanok egingo ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button