LITERATURA

Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak aurtengo Etxepare saria irabazi dute

Mamuki izeneko albumarekin, Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta egileek 2024ko Etxepare saria irabazi dute, 5.000 eurokoa. Epaimahaia Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute, eta aurkeztu diren 31 lanen artean aukeratu dute sariduna.

Mamuki beldurrari buruzko album umoretsua da. “Gau Beltza da, eta mamuek sustoak eman behar dituzte, ingurumarian ikara eragin beharra daukate. Baina mamu txikia gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatzen edo sendatzen: banpiroa, zonbia… edo geureago ditugun Zakuzahar edo Otsoko, baina alfer-alferrik. Gaixoa! Zer egingo du Mamukik Gau Beltza ospatu ezinik…?
Etxeko agertoki minimalistan txakur jolastia ere saiatuko da Mamuki sendatzen, baina orduak joan, orduak etorri, munstroak joan, munstroak etorri, ez da konponbiderik inondik ere agertuko. Edo bai…“

Epaimahaikideek honako hau adierazi dute lana irabazleari buruz:  Narrazioa paralelismoetan eta hitz jokoetan eraikia dago, erritmoa eta errima erabiltzen ditu eta haurrei oso gertukoa eginen zaie; barrea eraginen du ustez beldurra nagusi den kontakizunean. Testua, finean, beldurrari buruzko gogoeta jostagarria bilakatuko da, gertukoa eta goxoa. Bitxia da, baina erritmoa eta errima horiexek ere dira ilustrazioen ezaugarriak, benetan dira samurrak eta maitagarriak, dibertigarriak eta ganberroak. Horregatik da bikaina Mamuki albuma, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa aparta delako.”

Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, aurtengo udazkenean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button