ESZENA

Leioako Umore Azokak bere sariak banatu ditu

Leioako Udalak antolatutako Umore Azoka arrakastaz beterik amaitu da aurten. Azken jardunaldian aurtengo edizioko sariak banatu dira artisten talentua eta sormena aitortzeko.

Hala, 2024ko Euskadiko Ikuskizun Onenaren saria La Pez konpainiaren Plaza lanarentzat izan da, “freskotasunagatik, hurbiltasunagatik eta publikoarekin izan duen erabateko komunikazioagatik”.  Munduko Ikuskizun Onena Cie Balancetoi & Maleta Company konpainiak lortu du Claudette lanagatik. “Zirkuaren poetika eta txotxongiloak uztartzeagatik” jaso du saria.
Azkenik, Umore Azokako epaimahaiak 2024ko Aipamen Berezia eman dio La Corcoles konpainiari, H izeneko piezagatik, funanbulista baten dotorezia eta edertasuna erakusteagatik.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Amagoia Garaiazabal, Basauriko Udaleko Kultura Teknikaria eta Artekaleko Presidentea; Anna Guiberet, Fira Tarragako Zuzendari Artistikoa; Fernando Marin, Gasteizko Udaleko Teknikaria eta KaldeArteko Programatzailea; Luis Lozano, Kultura Kudeatzailea eta Espainiako Antzerki, Auditorium, Zirkuitu eta Jaialdien Sareko Zirku Batzordeko Kidea; eta Isabel Pérez Izquierdo, Kultura Kudeatzailea eta Andaluziako Kultur Erakundeen Agentzia.
Jaialdiaren egunetan emanaldi guztiez gozatu ahal izan dute, hauek baloratu eta azken erabakia hartu ahal izateko.

Umore Azoka jaialdiaren helburu nagusia kaleko arteen industria (antzerkia, dantza, zirkua, musika eta abar) garatzen laguntzea da, kaleko arteen sektore horien kontsumoa, ibilbideak eta koordinazioa sustatuz, eta konpainien/taldeen/artisten sustapena azpimarratuz. Gaur egun, Umore Azoka Ikuskizunak erakusteko eta sustatzeko gunea ere bada, eta, aldi berean, profesionalen arteko urteroko foroa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button