MUSIKA

Xabi Aburruzagak trikiti-soinu klasikoa eta modernitatea uztartu ditu, “Bost” disko berrian

Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978) trikitilari eta konpositoreak disko berria aurkeztu du gaur. Bere bosgarren lanari, Bost izena eman dio eta barne-bidaia bat proposatzen digu musikariak oraingo lanean. Izan ere, musikariak adierazi duenez, “azken urteetan bizitako esperientziak eta hauek sortutako hausnarketak jaso nahi izan ditut oraingoan”.

Aburruzagak Zamudion duen estudioan grabatu eta autoekoiztutako diskoa da eta produkzio lanetan Jose Urrejolaren laguntza izan du. Diseinua Higinia Garaik egin du eta soinuaz Unai Mimenza arduratu da.

14 kantak osatzen dute diskoa, horietako 9 instrumentalak. Instrumental horietan, gainera, hainbat kolaboratzaile izan ditu lagun, esaterako, Jorge Arribas eta Diego Galaz (Fetén Fetén), Olaia Maneiro, Sabela Maneiro eta Aida Tarrio Tanxugueiras galizar pandero joleak, Mikel Markez, Xabier Zeberio, Gorka Urmeneta edota Ameriketako Euskal Etxeetako ordezkariak. Eta hitzak, Miren Amurizak, Unai Iturriagak eta Iñaki Aurrekoetxeak sortutakoak dira.

Bost diskoko abesti gehienek zehatz jotzen duen trikiti-soinu klasikoa dute oinarri, Hauspoaren infernutik piezak, adibidez. Hala ere, lan honetan ere ezin izan dio esparru berriak arakatzeko grinari eutsi. Hala adierazi du Aburruzagak prentsaurrekoan ere:  “Euskal trikitiaren soinu klasikoa oinarrian hartzen badut ere,  zerbait berritzaileago egitera ausartu naiz oraingoan, tradizioa eta modernitatea uztartu nahi izan ditut”. Horren erakusle dira Europako iparraldeko paisaia gogorarazten digun Atxarre, eta diskoari izena ematen dion Bost kantua, bosteko erritmoan osatu duena, Garikoitz Aldekoak proposatutako ideian oinarrituta.

Aburruzagaren barne bidaiaren proposamenak, munduan zehar azken urteetan suertatu zaizkion hainbat bidaietan izandako bizipenak eta sentipenak ere jasotzen ditu. Esaterako, Quebec-eko bizipenak dakartza lana zabaltzen duen La Bottine Souriante lehen abestian, Yves Lambert Trio herrialde horretako talde ezagunaren kolaborazioarekin. Edota, Palestinara eta Ameriketako Estatu Batuetara egindako bidaiena, bertan ezagututako euskal diasporaren gorazarrea tarteko dela. Edota, bere semearen ahotsa ere entzun daitekeen Izei abestian.

Diskoa aurkezteko kontzertuak ere iragarri ditu gaurko aurkezpenean. Hala, datorren azaroaren 23an, larunbatean, Bilboko Kafe Antzokian emango du diskoa aurkezteko egingo duen biraren lehen kontzertua. Gaueko 22:00etan izango da hitzordua, eta bertan hainbat kolaboratzailerekin igoko da agertokira: Olaia Maneiro, Sabela Maneiro eta Aida Tarrio Tanxugueiras galiziar pandero jotzaileak, beste hainbaten artean.

Hurrengo hitzorduak, azaroaren 29an, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean;  Gasteizko Aitzina Folk jaialdian, abenduaren 21an; eta abenduaren 22an, Getxoko Musikabarri Aretoan izango dira.  Bertan gainera, ikuskizun berezia prestatu duela iragarri du Aburruzagak. Bere taldea osatzen dute Aitor Uribarrik (panderoa), Koldo Uriartek (teklatuak), Jon Cañaverasek (kontrabaxua), Eriz Perezek (gitarra akustikoa), Arkaitz Pascuasek eta Nagore de las Cuevasek (dantzariak).

Informazio gehiagorako joan musikariaren webgunera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button