
Gasteizen urtero ospatzen den Azkena Rock Jaialdiak datorren urteko edizioan parte hartuko duten lehen izenak ezagutarazi ditu. Jaialdiaren 24. edizio hau ekainaren 18, 19 eta 20an izango da, eta nazioarteko rockaren erreferente handiak batuko ditu oraingoan ere.
Alice Cooper eta Social Distorsion bezalako izenek osatu dute kartelaren lehen aurrerapen hau. Lehenengoak, musikaren munduan mito bihurtu den artista, eta bigarrenak Kaliforniako punk rockaren aitzindariak, Mendizabalak su hartuko duela bermatuko dute. Data esklusiboa izango da hauena estatu mailan, beraz jendetza Gasteizera hurbiltzea espero da.
Gainera, beste izen interesgarri batzuk gehitu behar zaizkie aurreko bi handiei: Imelda May, Jason Isbell & the 400 Unit, Old Crow Medicine Show, Sleaford Mods, SUGAR, The Adicts, Evaristo, Circle Jerks, Corrosion of Conformity, Therapy?, The Damn Truth, The Del Fuegos, Discharge, Split Dogs, Starbenders eta Tropical Fuck Storm beste batzuen artean. Euskal errepresentazioa Nhil eta Rodeo taldeek jarriko dute.
Beste behin ere Gasteiz rockaren hiriburu bihurtuko da egun batzuez eta, oraindik, beste izen handiren bat konfirmatzeke dagoela pentsatu ahal da. Sarrera orokorrak azaroaren 4tik aurrera erosi ahalko dira, baina gaur zabaldu da aurreko edizioetako parte-hartzaileentzako aurresalmenta esklusiboa.



