BESTELAKOAK

Loraldia festibalaren 8. edizioa aurkeztu da

“Hautsi zen anphora!” lelopean aurkeztu da Loraldia Festibalaren edizio berria. Martxoaren 7tik 27ra bitartean, 18 egunez, kultur proposamen eta diziplina anitzez jantziko da Bilbo. 26 ekintza ezberdin aurkeztuko dira Bilboko 15 gune ezberdinetan. Hala, musika, dantza, teatroa, literatura, bertsolaritza, artea, hiri-kultura, dastaketak eta askotariko kultur proposamenak izango dira gozagarri.

8.edizio honetan ere, ohikoa denez, euskal kulturako hainbat erreferente izango dira gogoan: Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor edota Eulalia Abaitua, besteak beste; eta oholtzara igoko dira Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi, Aukeran Dantza Konpainia… Hala, 110 artista baino gehiago igoko dira eszenatokietara, eta beste behin ere, Bilbo euskaraz egindako kulturaren hiriburu bihurtuko da hilabete batez.

Musika arloan, Ruper Ordorikaren “Hautsi da anphora” izango da lehen musika proposamena festibaleko egitarauan. Martxoaren 11an Euskalduna Jauregian aurkeztuko da lan honen kontzertu berritua, Bernardo Atxagak gaurko begirada literarioa irakurtzen duen bitartean. “Hautsi da anphora” Loraldia Kultur Elkartearen produkzioa da eta Korrikarekin elkarlanean sortu du. Korrika kulturalaren baitan bira egingo du Euskal Herriko zenbait herritatik ikuskizunak: Senperen hasi eta Iruñea, Bilbo, Eibar, Gasteiz eta Oreretara ere helduko da lana.

Laboaren irudia berreskuratuko da edizio honetan eta arte bisualak, musika garaikidea eta kantua uztartzen duen ekimena aurkeztuko da:  “Laboa. Lekeitiotik hegan”. Hiru arte diziplina horiek batuko dira Laboaren esperimentazioaren bidean. Kuraia Ensamblek musika garaikidea eskainiko du, Elektrart-ek arte bisuala proiektatuko du eta Maddi Oihenartek abestuko du.

Musika eta literatura uztartuko dira, aldiz, “Belar hostoak. Walt Whitman” ikuskizunean,  Amaia Lasa, Urbil Artola eta bere banda elkartuko direlarik oholtzan. “Muguruza Mani-fest” kontzertuak Fermin Muguruza jarriko du ikusmiran. Proposamen honetan, beste hiru sortzaile jarri ditu jailadiak eszenatokian: Juantxo Arakama & Asmathic Band, La Basu & Basatiak eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa.

Antzerkian, “Mira-hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan” lana aurkeztuko da Eulalia Abaitua argazkilaria gogora ekarriaz. Ikuskizunak hiru osagai ditu. Ikus entzunezkoen bitartez Abaituaren argazkiak ezagutuko ditugu; Ane Pikazaren eskutik, haren bizitza eta memoria , eta Maite Larburuk jarriko dio proposamen honi soinu banda. Getari Etxegaraik zuzendutako lana da eta Patxo Telleriak sortu du dramaturgia.

Dantzan aipatu ere, Haatik konpainiaren “Ur” obra edota MugMus laborategiak eta Alaia Martinek elkarrekin sortu duten “Garaiz: 60 t.m.” lana. Aukera Dantza Konpainiaren “Migratzaileak” obraz gozatzeko aukera ere proposatzen du jaialdiak. Ez dira faltako, literatura, artea, ikus entzunezkoak edota bestelako ekintza osagarririk ere.

Aurtengo edizioa, gainera, berrikuntza batekin indartuta dator eta gazte sormenaren harrobi berria proposatuko du Loraldiak Zorrotzaurreko irlan, gazte eta talentu berriei plaza eskainiz. Loraldia Kultur Elkarteak ekitaldi honetarako espreski sortutako hainbat ekoizpen propio aurkeztuko ditu eta, beti bezala, euskaraz egindako kulturaren zabalkundean eta emakume sortzailearen aldarrikapenean jarriko du begirada.

Festibaleko egitaraua osorik ikusteko, hemen

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button