
Memeak sortuz gazteen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duen “Memeka” lehiaketari hasiera emango zaio urriaren 1ean. Azkue fundazioak eta Lametza enpresak bultzatu dute 2025eko edizio hau, eta 15 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago.
Proiektu honen helburua ez da soilik gazteei entretenimendurako gune bat eskaintzea, baita plataforma digitaletan euskararen erabilera aktiboa sustatzea ere, modu dibertigarri eta erakargarrian.
Lehiaketa asteazkenean hasiko da eta memeak azaroaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira. Erabiltzaileek memeka.eus plataforman sortu ahal izango dituzte haien lanak, sorkuntzan laguntzeko diseinatuta baitago, irudiak txertatzeko eta testuak jartzeko erraztasunekin.
Irabazleak azaroaren 17an iragarriko dira eta bi sari egongo dira. Lehenengoa, webgunearen bidez bozka kopuru gehien jasotzen dituenarentzat, 200 euroko saria. Eta, bigarrena, Memekako Instragram eta Pixelfed kontuetan (biak batuta) like kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat, 150 euro. Horrez gain, saritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek.