
Apirilaren 10etik maiatzaren 3ra bitartean Antzerki Arineko 13. Jardunaldiak egingo dira Bilboko Pabellón 6 aretoan. Asteburu luze honetan amaituko da ekimena hainbat saiorekin.
Antzeztu diren piezak estreinatu gabeak izan dira eta lau asteburutan 16 pieza ikusi ahal izan dira, 11 gazteleraz eta 5 euskaraz. Astebururo lau proposamen ezberdin.
Asteburu honetan azken lau saio izango dira, hauexek: Bilbo Sl, Nonato eta Aborta, Un Caballo de Ceniza, …Y Lo Sabes. Lehen piezan turismoak inbaditutako Bilbon bizitzeko zailtasunak kontatzen dira. Nonato y Aborta lanean jaio gabeko bi arimak bizitzarako itxaron gelan topo egiten dute. Bizitzaren atea hor dago, baina beste aldetik soilik zabal daiteke eta, inork ezin duenez jaiotzea aukeratu, itxaron besterik ezin dute egin. Un Caballo de Ceniza obran gerrak suntsitutako Gernika gaurkotuko dute.
Azken lana Marko, Alberto eta Mikelen ingurukoa da, eta haien bizitzak gurutzatzen dira desleialtasunak, belaunaldien arteko ezberdintasunak eta emozionalki komunikatzeko zailtasunak markatutako haustura sentimental batean.
Lau asteburuen ondoren, maiatzaren 10ean, igande goizez, eta jardunaldiei amaiera emateko sari-banaketa egingo da. Sariok hauxek dira: Muntaia onenari Alex Angulo Saria (Bilboko Udalaren Kultura Sailaren dirulaguntzarekin), Euskarazko lan onenari Kriselu Saria (Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin), Café Bilbao–Tartean Teatroa Sari berezia, ekoizpenerako laguntza, Antzezleen Saria Pabellón 6 Antzerki Laborategiaren eskutik eta Publikoaren Saria.



