LITERATURA

“Globalizazioak eta Erdi Aro berria”

Bilboko Udalak sustatzen duen Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketaren XVI. edizioko saria euskarazko modalitatean, Globalizazioak eta erdi aro berria: diferentzien itzuleraz lanarengatik jaso zuen Joseba Gabilondok. Orain, lan horrek argia ikusi du Erein argitaletxeari esker, eta gaur goizean aurkeztua izan da.

Saria irabazi zuen garaian, epaimahaikideek honako esan zuten:  globalizazioaren inguruan hainbat atzera itzulera eginez, aro biktoriarra, neobarrokoa eta erdi aroa gogorazten ditu  egileak, eta, azkenik, barbaroen garaiko bizipenak irudikatzen, subjektuaz eta honen geroaz hausnartzen du”.

Argitaletxearen arabera honakoa gehitu ahal da: Neoliberalismoaren aurkako borrokan ezkerrak azken urteotan izan dituen porrotak abiapuntu bezala hartuz, liburu honek beste bide, alternatiba eta pentsakera desberdinak esploratzen ditu, zentzurik zabalenean, impasse ezkertiar horretatik ateratzeko. Hiru hipotesi elkar lotzen ditu horretarako saio honek. Lehenik, ez dagoela globalizazio bakar bat, baizik eta globalizazioak daudela, lekuan lekuko globalizazio anitzak, eta bertatik globalizazioa esplikatzeko zailtasunak. Bigarrenik, globalizazioak historikoki esplikatzeko biderik egokiena Erdi Arora jotzea dela, bertan bi momentu bereziz: lehena, inperio erromatarraren erortzeak sortu zuen momentu barbaro eta anitza, eta, bigarrena, geroago feudalismo aristokratiko eta elitistari leku egin ziona: egun, bi Erdi Aro horien atean geundeke eta geroaldi gertuan erabakiko da bietatik zeinek indar hartuko duen. Hirugarrenik eta azkenik, geroa ezin dugula era bateratu batean pentsatu, Hegelengandik Fukuyamarengana egin den bezala, ez baitago unibertsaltasunik geroan”.

Joseba Gabilondok Euskadi Saiakera Saria eskuratu zuen 2014an eta Michiganeko Unibertsitateko (EEBB) Espainiera eta Portuges saileko irakaslea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button