
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, Abadiñon jokatu dena, Aitor Etxebarriazarragak irabazi du. Bertan Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Enare Muniategi Etxabe, Gorka Pagonabarraga Agorria, Maite Sarasola Isazelaia, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor juntatu dira.
Lan puntuagarri guztiak egin ostean, Aitor Etxebarriazarraga izan da puntu gehien batu dituena, eta horren ondorioz, azaroaren 15ean jokatuko den Bermeoko finalaurrekora zuzenean sailkatu da. Gainontzeko bertsolari guztiek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoen bigarrengo bueltan kantatzeko aukera.
Beste aldetik, azaroaren 29an Iruñeko Nafarroa Arenan izango den finalerako Eneko Lazkoz sailkatu da. Agoizko Kultur Etxean jokatu da aurtengo Nafarroako Txapelketako lehen finalaurrekoa. Sei bertsolari aritu dira bertan: Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Eki Mateorena Zozaia, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Endika Legarra Nuin, Julen Zelaieta Iriarte. Saioko ariketa puntuagarri guztiak eginda, berak eskuratu du puntu gehien.
Aste honetako larunbatean bigarren finalaurrekoa jokatuko da Leitzan, eta azkena Tafallan izango da azaroaren 16an.



