
Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazioarteko Jaialdiaren 19. edizioa aurkeztu du. Jaialdia otsailaren 24tik 28ra ospatuko da, eta ohi den moduan, makina bat sortzaile bilduko dira bertan. Aurtengo programaren ardatza izango da “literatura eta naturaren, testu eta irudiaren, politika eta kulturaren, klase eta identitatearen, merkatu eta opariaren, hizketa eta entzutearen, solasaldi eta aktibismoaren, mugimendu eta gelditasunaren arteko harremana”.
Jaialdiak “zubi-lana egiten du idazten eta irakurtzen duenaren artean, eta bizipen komun bihurtzen ditu normalean esperientzia intimoak izaten diren irakurketa eta literatura”. Eta horretarako, hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak, ikastetxeekin hitzartutako programak, Gutun Zuria Bilbao PRO eta Auditorioan, Bastida aretoan eta Mediatekan egiten diren elkarrizketak antolatu dira.
Euskal sortzaileak ere bertan izango dira. Adibidez, otsailaren 24an, Bernardo Atxaga, Jabier Muguruza eta Karmele Jaio idazleek Biharko berbak izenburupean etorkizunaz, espekulazioez eta digabazioez hitz egingo dute. Egun berean, idazketa saioan Danele Sarriugartek eta Layla Martínezek literatura esku-hartze kritikorako tresna gisa hartzea proposatuko dute. Otsailaren 26an, osteguna, Miren Agur Meabe idazle euskalduna Mario Obrerorekin arituko da. Biek beren testuak irakurriko dituzte, hari gisa etorkizuna hartuta, beti ere zentzu poetiko zabal batean. Beñat Sarasolak ere parte hartuko du Horizonte y panorama de las letras solasaldian, Iván de la Nuez, Iñaki Esteban, eta María Mur adituekin. Jule Goikoetxea utopiaren indar literario eta politikoaz jardungo da Alba Garmendiarekin batera. Eta Hedoi Etxarte, Lur Olaizola eta Uxue Razquin bilduko dira, idazketaren, zinemaren eta artearen bidez galera nola eraldatzen eta transmititzen den jorratzeko. Ixiar Rozas eta Leire Bilbao euskal idazleak ere parte hartuko dute jaialdian.
Programazioaren nondik norakoak: Gutun Zuria



