IKUS-ENTZUN

Errefuxiatuak, immigrazioa eta zinea

“Errefuxiatuak eta immigrazioa” izenburuko zine-zikloa abiatu du Bilbaoarte zentroak iragan urtarrilaren 16tik, Institut Français erakundearekin lankidetzan. Programak martxoaren 20ra bitarte iraungo du, eta gaur bertan,  17:00etan eta 19:00etan, Hope (Boris Lojkine, Frantzia, 2014) filma pantailaratuko da. Emanaldi hori CEAR elkartearekin elkarlanean ondu da.

Bilbaoarte zentroaren arabera, Hope cinéma vérité generoko kontakizuna da, eta emakume nigeriar eta gizon kamerundar baten bidaia kontatzen du; Afrikako ipar aldean barrena bidaiatuko dira, Europara iristeko asmoz.

Hil honetan, halaber, Aki Kaurismäki finlandiarraren Le Havre (2011) pantailaratuko da zikloaren baitan, urtarrilaren 30ean, hain zuzen. Filmak Frantziako Le Havre portu-hirira bere emaztearekin borondatez erbesteraturiko idazle bohemio baten istorioa kontatzen du. Zapata-garbitzaile lanetan aritzen da literatoa jendearengandik gertuago sentitzeko asmoz. Anbizio literarioak baztertu, eta bizitza lasai horretan murgilduko da mutiko beltz etorkin batekin topo egin arte. Orduan, estatuaren mekanismo hotz eta itsuen kontra borrokatu beharko du.

Kaurismäki egungo zinemagintzako zinegile ospetsuenetarikoa da. Bere lanak jaialdi esanguratsuenetan ikusten dira. Ariel (1988), Leningrad cowboys go America (1989), Tulitikkutehtaan tyttö (The Match Factory Girl, 1990), I hired a contract killer (1990), La vie de Bohéme (1991), edo Drifting Clouds, (1996) dira bere filmografiako film nagusiak, zeinak klasiko moderno bihurtu diren.

Zikloa, aurretik aipatu denez, martxora arte zabalduko da. Egitarau osoa hemen duzue: bilbaoarte.org.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button