EZLEKUBAT

Ane Pikaza Ereño: “Arteaz bizitzeko aukerarik ez dugunontzat ezinbestekoak dira bekak”

Ane Pikaza Ereño (Bilbo, 1984) Arte Ederretan lizentziatua da. Horrez gain, arte dramatiko eta eszenikoetako ikasketak ere egin ditu. Arte egitasmoak, antzezlanak eta telebistako lanak tartekatzen ditu aspalditik. Oraintsu Bilboarte beka jaso du, eta Kabia, Gaitzerdi Teatro-ren ikerkuntzarako gunean ere parte hartzen du. Euria esan eta euria erortzea antzezlanaran euskarazko bertsioan ari da lanean.

Zertan datza Bilboarte bekari esker egindako egitasmoa?
Proiektu honek esku-hartze prozesua aurkezten du trantsizioan dauden espazio ezberdinekin. Publikoak ez dauka bertan sartzerik, espazioa inguratzen duten auzokoak dira ikusle bakarrak; izan ere, inguruko pertsonek eta etxeek ematen diote behar duen itxura, eurek bihurtzen dute begirada-edukiontzi. Ekintzak eurei eta espazioari berari zuzenduta daude, begiradak erakarri eta aldatzeko asmotan. Monotonia eta egunerokotasuna ohikoa ez den zerbaitengatik aldatuta, begiraden erbesteratzea lortzeko modua dugu, bestelako begirada bat edota espazioaren memorian murgiltzeko modu bat bezala ulertu daitekeena.

Zure ekarpenen artean eskulturak eta argazkiak ikus ditzakegu…
Kasu honetan eskultura eta argiaren bitartez gauzatu ditut espazioarekiko hurbiltze prozesuak. Argazkiak interbentzio horietan gertatutakoa erakusteko medio moduan erabiltzen ditut, prozesuaren dokumentazio moduan baliogarriak direla esan daiteke.

Diziplina askoren nahasketa dugu zure lanaren emaitza?
Momentuan egindako proposamena azaleratzeko beharrezkoa dudana erabiltzen dut eta horrek teknika berriak ezagutzera eramaten nau, batzuetan sekula erabili ez ditudanak. Horrek buruhauste handiak ekarri dizkit azkeneko urtean, baina lana aurrera ateratzea lortzen duzunean satisfazio handia dator bueltan. Aurtengo proiektuaren denbora gehiena eskulturako teknikak ikasten eman dut, prozesua luzea izan da saiakuntza eta hutsegite askorekin, baina tailerretako irakasleen laguntzaz puntu onera ailegatu da. Burugogorra izateak badu bere alde ona.

Zein neurritan dira baliagarriak honelako bekak?
Arteaz bizitzeko aukerarik ez dugunontzat ezinbestekoak dira, gure proiektuak gauzatzeko eta aurrera jarraitzeko. Gure baliabideen bitartez produzitzeko gai izan arte behintzat, hori baita helburua. Eta bekarik ez dagoenean, aurrezteko eta materialak eta estudioa ordaindu ahal izateko.

Zelan moldatu zara beste artisten elkarrekintzan egoitzan?
Nik espero baino elkarrekintza ahulagoa egon da, ez dira proiektu komunak, edo agian ez dugu harreman asko sortu. Jendearekin primeran moldatu naiz, baina antzerkitik etorrita nabarmenagoa iruditu zait artisten jarrera indibiduala. Pertsona bakoitzaren lan egiteko modua edo momentuaren arabera egokiagoa izan daitekeena.

Zure ibilbidea ikusita artea eta antzerkia sormen esparruak izan dira. Zer erlazio aurkitzen duzu bata eta bestearen artean?
Batzuetan erlazio zuzena eta argia ikusten dut, beste batzuetan, aldiz, distantziak luzatu eta luzatu egiten dira. Esparru bakoitzean murgiltzen zaren heinean berezitasunak eta beharrak nabarmentzen joaten dira eta beharrezkoa da ideia horren forma zehaztea bidean galdu ez dadin. Hala ere, oso aberasgarria da ideia berdinen inguruan lan egitea leku ezberdinetatik.

Kabia, Gaitzerdi Teatro-ren ikerkuntzarako guneko partaide zara. Zein da bere helburu nagusia? Zer nolako proiektuak garatzen dituzue?
Izenak adierazten duen moduan, antzerkian ikertzeko edo sakontzeko espazio finko bat bilatu du kabiak, disziplina ezberdinetatik datorren jendearekin. Sorkuntzarako espazio bat da, etengabeko entrenamendu eta kurtsoak egiten ditugularik. Proiektuak jaio eta eraldatzeko denbora nahikoaz sortzen dira, again hori da bere berezitasuna, gaur egungo produkzio arinetatik urruntzen dena. Momentuz estrenatutako lanen artean “Paisaje con Argonautas” monologoa eta “Euria esan eta euria erortzea”  daude. Ez nuke proiektu mota zehatz bat azpimarratu nahi, ikerketak beti ere bide berriak irekitzeko baitaude.

Orain, Euria esan eta euria erortzea antzezlanarekin zabiltzate euskarazko bertsioan lanean. Nolakoa da bertan egindako lana, zenbat denbora daramazue obrarekin?
Urtebete pasa da obra aurkeztu genuenetik eta hiru bat hilabete euskarazko bertsioa martxan jarri zenetik. Sortze prozesu eta ibilbide polita egin dugu orain arte, Brasilen eta beste hainbat antzokitan egoteko aukera eman digu. Orain Beasainen, Amorebietan eta Bilbon ibiliko gara, eta espero dugu apurka martxa horretan jarraitzea. Dagoeneko hurrengo proiektuarekin gabiltza buru belarri, Euria esan eta euria erortzea-rekin batera aurrera eramango duguna.

Zer nolako harrera izan zuen gaztelerazko bertsioak?
Oso ona, antzokiak bete beteak egon dira, arraroa iruditu arren. Ikusi beharko dugu zer nolako harrera duen orain euskarazko bertsiok.

Etorkizunerako proiekturik?
Beti ditut. Lanean eta ikasten jarraitzeko asmo eta gogo handia daukat; Bilbaoarteko lagun batzuekin ere estudio bat alokatu dut Bilbon; beraz, ez dago aitzakiarik. Aldaketak beti dira onak eta proiektu politak daude airean, antzerkian, diseinu grafikoan, ilustrazioan eta eszenografian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button