MUSIKA

“Phoenicoperus”, Ken Zazpiren krisiaren emaitza

Ken Zazpi bandak Phoenicoperus (Elkar) izenburuko lana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Eñaut Elorrietak diskoaren izenburua aipatu du aurkezpen ekitaldia hasi eta berehala. Phoenicoperus fenix hegaztiaren izendapen grekoa da, eta hegal gorrixkak da hitzaren esanahia; luma gorriak agertzen dira, hain zuzen, Ramon Zabalegik egin duen azalean. Hala, bere errautsetatik birsortu da, banda gernikarra fenix hegaztiaren antzera, eta birsortze prozesu horren emaitza da lan berria.

2013an argitaratutako Ken zazpi & Euskadiko Orkestra Sinfonikoa lanaren ostean, taldeak erabateko krisia pairatu zuen, baina krisi hori “balio positibotzat” hartu, eta bizkaitarrek taldea eraldatzen jakin dute. “Inertzia propioetatik atera nahi genuen, aurreko bideak agortuta zeuden, kontrolatzen ez genituen uretan sartu nahi genuen, hori baita motorra, sorkuntzan eboluzioa egon dadin”. Taldekide bakoitzak, halaber, beren burua aurkitu behar izan dute transformazio prozesu horretan.

Hala, taldearen diskurtso musikala aldatu egin da heriotzaren eta bizitzaren inguruan ardazten den lan berrian. “Gizartean ere aldaketa azkarrak eta sakonak gertatzen ari dira, eta guk ere gauza bera egin dugu”, azaldu du abeslariak.

Eraldaketa horren “katalizatzailea eta gidaria” Ricky Falkner ekoizlea izan da: “Ausartagoak izateko aukera eskaini digu, probokatu egin gaitu, amildegitik behera bota gaitu, baliabide berriak bilatzeko”. Ekoizlea taldekideengandik oso gertu aritu da estudioan, eta hori abantaila izan da taldearentzat. “Kantuak oso eginak, itxiak eraman ohi ditugu estudiora, baina oraingoan, irekiak ere behar zuten izan, Falkner-ek eskua sar zezan”. Ekoizlearen presentziaz gainera, Elorrietak Eñay Gaztañagak programazioekin eta sinteitzadoreekin egindako lana nabarmendu du, bai eta Ruben Caballeroren gitarra ere, zeina zuzenekoetan ere Ken Zazpirekin arituko dena, “aldaketa kontzertuetan ere igarri dadin”.

Lan horren guztiaren emaitza disko “homogeneoagoa” da, brit-pop estiloaren moldeetatik urruntzen dena, proposamen garaikideagoa eta modernoagoa fakturatzeko. “Orain epikaren efektua errepikapenen bidez lortzen dugu, kantuak sotilagoak dira, doinuaren barruko tarteen arteko trantsizioak nabarmenagoak diren arren”. Hala, sintetizadoreen presentzia deigarria da, eta kantuetan ñabardura asko igarri daitezke. “Kantu bakoitzari behar zuena eman diogu, modu esperimentalagoan aritu gara, gure soinuan sakonduz”.

Hitzen harira, heriotzaz eta bizitzaz hitz egiten dute, eta oraingoan luma berriak gehitu dira Ken Zazpiren unibertsora: Harkaitz Cano, Lander Garro, Unai Iturriaga eta Amets Arzallus, Sarrionandia ahaztu gabe.

Taldea Durangoko Azokan izango da, eta 2016ko urtarrilaren 8an eta 9an, Bilboko Arriaga Antzokian izango da; 15ean eta 16an, Donostiako Victoria Eugenian, eta 30ean, Iruñeko Cafe Zentralen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button