ARTEA

Kalteberatasun egoeran dauden gazteak aintzatesteko

Tabakalerak Nagore Legarreta artistaren laguntzarekin sortutako Ireki, elkartu, eraiki. Hurbiltzeak eragin egiten digu argazki erakusketa abiatu du uztailaren 31ra arte. Donostiara iritsi berri diren eta egoera zaurgarrian dauden gazteek egindako ehun bat argazki biltzen ditu erakusketak.

Abiapuntua galdera askoren inguruan sortu da: “Nola sentitzen dira Tabakalerara datozen gazteak? Zer harreman dute eraikin honetako espazioekin? Nola erabiltzen dituzte, nola bizi dituzte? Zer erreferente kultural dituzte? Eta zeintzuk ekoizten dituzte? Galdera horiei erantzuteko asmoz, 2017ko urtarrilean, Tabakalerako Hezkuntza taldeak Harrotu ileak proiektua jarri zuen abian. Denbora horretan guztian, gazteak, hezitzaileak eta artistak ostiralero elkartzen diren lan-espazio bat egonkortu da. Tabakalerak elkartzeko, eztabaidatzeko eta sortzeko gune bat eskaintzen die askotan egoera zaurgarrian eta prekarioan bizi diren gazteei.”

Erakusketak Harrotu ileak proiektuan parte hartzen duten gazteen istorio pertsonalen erretratuak erakusten ditu. Kalteberatasun-egoeran dauden gazteak aintzatesteko, hausnartzeko eta elkartzeko lan-gune bat izateko helburuarekin sortu zen. Esparru horretan, “astero-astero, zentroak gazte-talde bat hartzen du, eta, artearen eta kulturaren eremutik, Tabakalerako eraikinean bizi diren errealitateei buruzko iruditeria berrien eraikuntza kolektiboa lantzen du.”

Makina bat gai garatu dira bertan, esaterako, eremu publikoko justizia soziala, edota estereotipoak eta estigmak auzitan jartzeko beharra, beti ere hainbat diziplinaren bidez: bideoa, dantza, rap, argazkia, zinema, pintura edo antzerkia. Horko sortzaileen laguntza izan dute: Maite Arroitajauregi, Telmo Trenor, Javi Pez, Juantxo Arakama, Ainhoa Olaso, María Zapata Hidalgo, Oliver Laxe, Houssni Al-Moukhlis, Zahrat Essawssan Bourhil, Ainara LeGardon, Rafa Rodrigo, Rachid Farhat, Asteazkenak komandoa (Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren), Nagore Etxabe, Telmo Trenor eta  Xanti Agirrezabala…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button