LITERATURA

“Eremuen Birkalifikatzea” lana kalean

Luis Gardek Xabier Lete II. Poesia Saria irabazi zuen joan den otsailean. Pamielak poeta nafarraren Eremuen Birkalifikatzea plazaratu du duela gutxi.

Luis Garderi galdetu genion duela aste batzuk, zertan zen lan hori, eta hala erantzun zigun: “Bilduma honetan gure gaurko arazo sozialak hartzen dut abiapuntutzat. Higiezin burbuilaren osteko paisaia, hain zuzen, poema anitzen eszenatokia izateaz gain, liburuaren muinean dago. Nik hagitz ahul dakusat gure gizartea. Hemen ere dago proiektu politikoa edota soziala aurkezten duen alderdirik edo plataformarik … Munduko iraultzaren zilbor hestetik gatoz euskaldunok, eta bat-batean ameskeria horretatik atera gara. Gizarte oso bat engainatua izan da, “aberatsak gara, nahi duzuena egin dezakezue, kontsumitu eta gainerakoa atzendu” erran ziguten, eta guk oso gustura barneratu genuen mezu hori, buru-atsegintasunaren zulo horretan ito ginen, hori bai, bitartean munduko iraultzaile handienak izateari utzi gabe.

Batzuetan, gure arazo pertsonalei buruz idazteko eskubiderik ez dugula pentsatzen dut, mundua nola dagoen ikusita, jende anitzaren benetako problemak ikusita. Ikuspuntu honetatik, poesia soziala egingarria da, ez halaber, duela hamarkada batzuk egiten zen poesia sozial … ideologizatuegia, hanpurus hura, baizik eta modu apalago batean, norbanakoaren sentsibilitatetik gizartera doan poesia sozial bat.

Hortxe dago Eremuen birkalifikatze horren bigarren interpretazioa. Beti buruan daramadan galdera da ea gaur poesia idatz daitekeen, agortuta ez ote dagoen.  Eta baiezkoan, nola?  Mundua eta gure bizi-baldintzak aldatzen badira, beti izanen dugu sortzen diren eremu berriak izendatzeko beharra, edota aldatzen diren eremu zaharrak birkalifikatzeko beharra… Poesia oraindik posible liteke”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button