LITERATURA

Iruñean ere Alaska dago

Iruñeko Udaletxeak eta Nafar Ateneoak udazkenerako antolatutako zikloaren baitan, eta bertako Civivox Kondestablearen Areto Nagusian, 19:30an, errezitaldi eder batez gozatzeko aukera izango duzue Castillo Suarez eta Juantxo Zeberio sortzaile bikotearekin.

Castillo Suarezek jarriko ditu hitzak bere azken lanetik, Alaska, aterata, eta Juantxo Zeberiok musika. Alaska izeneko bide bazterreko hotel abandonatu batean kokatutako narrazio batekin gurutzatuko dira hainbat poema eta doinu.

“Alaska garai batean Altsasun egon zen jatetxe bat izan zen, bidaiariz eta turistaz betea egoten zena, Bernardo Atxagak bere liburuetako batean aipatu zuena. Amerikak bere ipar muturrean Siberiarekin bat egiten duen lurralde hotz hartan egin zuen jabeak nahikoa diru jatetxe hura muntatu eta, ondoren, Etzegaraten hotel handi eta elegante bat egiteko, igerilekua zuena, gaur egun abandonatuta dagoena. Maiz idatzi da desamodioaz eta abandonuaz, baina gutxiago tokiekin lotzen gaituzten hari ikusezinez, tokien dolua nola egin ez dakigula. Izan ere, geure bizia, geure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu, berriz egongo ez garen tokietan. Eta denok dugu Alaska bat geure baitan. Denok dugu geure oroitzapenetara kateatutako tokiren bat, osorik edo erdizka gogoratzen duguna. Maite izan genuen norbait, egun non dagoen ez dakiguna.”

Castillo Suarez idazleak (Altsasu, 1976 ) EHUn burutu zituen Euskal Filologiako lizentzia ikasketak. Sakanako Mankomunitatean euskara-teknikari ari da lanean 2003tik aurrera. Olerkigintzan dihardu, eta 2010ean Ebelina Mandarina obrarekin Zarautzeko Udalak antolatutako XXVIII Lizardi Saria irabazi zuen. Helduentzako narrazio laburretan ere aritu izan da, eta, adibidez, 2014an Peru Abarka album ilustratuaren lehiaketaren irabazlea izan zen. Literaturaz gain, hizkuntzalaritzan aritua da. 2016an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 2022an Euskaltzain oso.
Juantxo Zeberio (Tolosa, 1968) Ibilbide luzeko pianojole, arreglista eta konpositorea da. makina bat sortzaileekin aritu da: Maddi Oihenart kantariarekin, Benito Lertxundiren pianista da 2.000. urteaz geroztik,  bai eta Imanol, Pello Ramirez, Iñaki Dieguez,  Juantxo Arakama, Mice, Anari, Eñaut Elorrieta, Chill Mafiarekin ere, eta azken urtetan Pettirekin ere badabil. Tenpora taldeko sortzailea da, eta talde horrekin hainbat disko kaleratu ditu. Bere kantuen ohiko letragileak dira Harkaitz Cano, Karlos Linazasoro eta Leire Bilbao. Eider Rodriguez eta Yolanda Arrieta idazleekin ere emanaldi literarioak eskaini izan ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button