LITERATURA

“Irailekoak” poesia-jaialdia Itsasun egingo da

Euskaltzaindiak antolatzen du Irailekoak poesia-jaialdia. Joan den urtean Lekeition izan zen, eta aurten, Itsasun egingo da irailaren 28an eta 29an. Ekimenaren helburu nagusia euskal poeten lana gizarteratzea da, eta horretarako, Euskaltzaindiak egun eta erdiko ekimena sustatuko du, Itsasuko Herriko Etxearekin, Euskal Kultur Erakundearekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean.

Euskaltzaindiak, “literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako bigarren asteburua antolatzea deliberatu du, iazko helburuei jarraikiz. Horrela, Euskal Herri osoarentzat antolatuko da Irailekoak, poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean. Era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatur jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdiak. Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira egun eta erdiko jaialdian.”

Ohi den bezala, euskal poeten lana izango da protagonista, baina beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute. Gainera, poesiarekin batera, beste kultura-adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak.
Itsasuko herriko erakusleihoetan poeta askoren poemak irakurri ahalko dira: Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik.
Programazio zehatza irailean jakinaraziko du Akademiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button