Literaturiak, euskal letren plazak, maiatzaren 24tik 26ra zabalduko du bere atea Zarautzen, makina bat idazle eta literaturzale bertara daitezen. Aurten, (B)egia izango da leloa.
Ostiralean abiatuko da ekimen literarioa, eta aurtengo manifestua Mari Luz Estebanek idatzi du; egun horretan irakurri egingo du, Modelo aretoan, 20:00etan, Literaturiari hasiera emateko.
Literaturia kultur elkarteak antolatzen duen jaialdian makina bat kontu izango da aurten, eta liburuen aurkezpenaz gain hainbat ikusgarri antolatu dira letren inguruan. Adibidez, hiru ikuskizun estreinatuko dira egunotan, eta hala, ostiralean bertan, Kamikaze kolektiboaren (Iraia Elias, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola) (B)egira! antzezlana oholtzaratuko da. Larunbatean bi ikusgarri antolatu dira: Inuksuit izenekoa egingo dute Patxi Zubizarretak, Maddi Oihenartek, Antton Valverdek, Mintxo Cemillánek eta Malen Fernandez de Larrinoak, eta larunbatean ere, Gotzon Barandiaran idazleak kaleratutako azken lanaren harira, Galbahea: Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko izeneko saioa egingo du berak, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue García, Mariana Blanco, Amaia García eta Lander Bilbaorekin.
Igandean, Literaturiaren azken egunean, Gorka Arresek, Harkaitz Canok eta Maite Larburuk Gehiago gustatzen zitzaidan aurreko zure liburua ikuskizuna aurkeztuko dute Modelo Aretoan, eguerdiko 12:00etan.