Gaur hasita, eta abuztuaren 4ra arte, Erriberriko Antzerki jaialdiak antzerkia, musika, dantza eta zirku-ikuskizunak zabalduko ditu Tafalla, Beire, San Martin Unx, Pitillas eta Erriberrin.
Erriberriko Jaialdiak 27 emanaldi programatu ditu. Horietatik, 14 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte, zortzi Nafarroako konpainiek egingo dituzte, ikuskizun bat nazioartekoa da, bi lan inklusibo dira, bat euskaraz eta hiru irisgarri.
Diogun moduan gaur, uztailaren 19an, jaialdia inauguratuko da, eta lehen hitzordua gaueko 22:00etan izango da La Cavan, Erriberriko Jaialdiaren agertoki nagusian. Kulunka Teatro konpainiak Iñaki Rikarte, José Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Cárcamoren Forever ikuskizuna aurkeztuko du. Lanaren korapiloa honako hau duzue: “Emakume batek eta gizon batek elkar maite dute. Hain sakon maite dute elkar, non maitasun hori seme batekin zehaztu nahi duten. Seme hori biziki eduki nahi dute. Behar fisiko bat da. Baina azkenean, edukitzen dutenean, seme hori ez da imajinatzen zutena. Horrela hasten da Forever, amestu zutenetik urruntzen ari den betiko familia baten istorioa. Betiereko maitasunaren ideiari buruzko ikuskizun ironiko bat da, non patuak ez duen erantzukizun osoa bere gain hartzen.”
Lehen eguna gauerditik aurrera amaituko da Erriberriko Karlos III.a plazan, Melenas taldearen musikarekin. Taldea Iruñeko laukote bat da, Oihana (gitarra eta ahotsa), Leire (baxua), Maria (teklatua) eta Lauri (bateria) musikariek osatua.
Larunbatean, 19:00etatik aurrera, Beireko Laborari Parkean, Jimena Cavallettiren Konpainiak B.O.B.A.S. lana egingo du. Ikuskizun hori berriz antzeztuko da hurrengo egunean, 19:00etan, San Martin Unxeko igerilekuko aparkalekuan. Larunbateko programazioa La Cavan amaituko da, Chévere konpainiaren proposamen batekin: Helen Keller, ¿la mujer maravilla? Eta igandean (uztailaren 21a), 22:00etatik aurrera, La Cavak Cultura i Conflicteren eta Teatre de l’Auroraren Moríos lanaren antzezpena jasoko du.
Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 25 edizioak direla-eta, makina bat ekitaldi programatu dira, eta tartean ere hainbat erakusketa jarriko dira bidean. Eta horiez gain, hiru mahai-inguru eta lau lantegi programatu dira, eta oraindik plaza batzuk daude bete gabe: Juan Ayalaren eta Miguel Oyarzunen Reclamar lo real; Victoria Szpunbergek egingo duen ¿Cuáles son las verdaderas normas?; El tiempo como materia, Marta Pazosekin; eta Nuestro Olite-Gure Erriberri, Nacho Bilbaorekin.
Egunez eguneko programazioaren xehetasun guztiak Erriberriko Antzerki Jaialdiak dauzka.