LITERATURA

Oiartzungo Poesia Egunak antolatu dituzte irailaren erdialderako

1545 argitaletxeak, Metrokoadroka kolektiboak, Hitzen Lihoak, Oiartzungo Udalak eta Oiartzungo kulturzaleak antolatuta, irailaren 13, 14 eta 15ean, Oiartzungo Poesia Egunak izango dira.

Bertan, errezitaldiak, performance parte hartzaileak, hitzaldia eta bazkari herrikoia antolatuko dituzte. Irailaren hasieran emango dute ezagutzera egitaraua osorik, baina orain, parte hartzeari begirako bi deialdi zabaldu nahi dituzte.
Hala, irailaren 13rako, iluntzean, “Loaldi Poetiko Herrikoia antolatuko dugu. Oier Guillanek Loaren defentsan poema sorta errezitatuko du, eta ondoren, publikoari elkarrekin lo egitea proposatuko zaio. Errezitaldiaren ostean, horretarako berariaz atondutako espazio batean, gaubeila hasiko da: jendeak aukera edukiko du afaltzeko, solasteko edo beste edozein proposamen egiteko (kantatu, marraztu, errezitatu…). Ordu erdiro Oiartzungo aktore batek loaren poema sortako ale bat hartuta pieza labur bat eskainiko du. Tarte honek goizeko ordu biak arte iraungo du, gehienez. Ondoren, loaldia hasiko da: jendeak lo egiten duen bitartean, argazkilari batek jendearen loa erretratatuko du, eta etorkizunean material horrekin pieza artistiko bat sortuko da. Loaldian edonork har dezake parte, adin mugarik gabe, baina lekuak mugatuak izango dira, eta izena eman beharra dago: poesiaegunak@gmail.com”

Eta hurrengo egunean, irailak 14, aurtengoa laugarren poesialdia izango da Oiartzunen. “Urtero bidegorriko zati bat egiten du jendeak elkarrekin oinez, eta aurten ere hala izango da. Bidean hiru errezitaldi egingo dira: lehenengoan herritarrek poemak irakurriko dituzte, bigarrenean herriko idazleek berariaz aurtengo gaiaren inguruan (Arrastoa) idatzitako testuak irakurriko dituzte, eta hirugarrengoan aurten poesia liburuak plazaratu dituzten Euskal Herriko hainbat idazlek beren liburuetako aleak errezitatuko dituzte. 11:00etatik aurrera izango da ekitaldia, Cadarson jarri dugu zita, eta bertatik mugitu egingo gara”.

Oraingoz, idazle eta artista hauek parte hartuko dutela aurreratu dute: Irati Jimenez, Oier Guillan, Titika Rekalt, Luix Mitxelena, Angel Erro, Mikel Etxaburu, Oihane Jaka, Maddi Sarasua, Aintzane Galardi, Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Izar Azpiroz, Malen Elizasu, Ekhi Arizmendi, Miren Azkarate…

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button