Aguraingo Udalak eta XabiGune Kultur Elkarteak antolatuta, hamaikagarren JazzHerrian Jaialdia egiten ari da Agurainen.
Aurreko hitzorduetan Arnau & The Honky Tonk Losers (Bilbo), eta The Fake Cousins (Donostia) taldeak aritu dira.
Asteburu honetan ere beste bi kontzertu programatu dituzte. Uztailaren 19an, Kataluniatik datorren Blueroomess taldearen txanda izango da. Blueroomess Ipar Amerikako musikan errotzen den talde bat da: road movie baten atmosfera ekartzen du; Blues, Folk, Country, Skiffle eta Rock-a nahastuz. Taldea Bartzelonatik dator, baina hainbat jatorritako bost musikarik osatzen dute, eta bertan gitarra akustikoa, kontrabaxua, pedal-steela eta bateria entzun daitezke. Bere errepertorioa arimaz eta indarrez beterik dago. Nabariak dira garai bateko sonoritatea eta Ipar Amerikako musika tradizionalaren eragina. Blueroomess bandaren zuzeneko kontzertuek entzuleak bete-betean harrapatzen ditu: publikoarekin konektatu eta lortu egiten du bere unibertso musikalera eramatea. Izan ere, Blueroomess lehenengo sonoritateak dituen taldea da, eta nabaria da musika iparramerikarraren eragina.
Hurrengo egunean, hilak 20, Federico Verteramo Blues Band (Argentina) igoko da oholtzara. Federico Verteramo Buenos Airesen jaio zen 1991n, eta gaur egun Frantziako Tolosan bizi da (Toulouse). Abeslaria eta gitarra-jotzailea da, eta 2013tik, bluesean ari da bete-betean. Hiru disko eta hainbat EP argitaratu ditu bakarlari gisa, eta jaialdi eta kontzertu-areto garrantzitsuetan jo du Europan, Hego Amerikan, Mexikon eta Estatu Batuetan. Federicorekin batera ari den taldea Europako eta Hego Amerikako blues eszenan izen eta ibilbide handia duten musikariek osatzen dute: Anahí Fabiani (Argentina) teklatuetan; Christian Morana (Argentina) baxu elektrikoan, eta Carlos Arsuaga (Espainia) baterian.
Azken asteburuan, The Soulers (Asturies) eta The Half Nelsons (Getxo) taldeak arituko dira. Lehenak barikuan joko du, eta bigarrenak, larunbatean.