
Tartean Teatroa, Ez Dok Hiru eta Marie de Jongh konpainiek bat egin dute Teatro konpainia bat, hiru proiektu artistiko lelopean. Hala, egitasmo horren babesean, hiru antzezlan taularatzen ari dira: Lingua Nabajorum, Denboraren Korapiloak, eta Alabatxo.
Hiru obra horiek maiatzean eta ekainean aurkeztuko dituzte makina bat tokitan. Hala, Lingua Nabajorum Galdakaon (maiatzak 3), Abadiñon (maiatzak 17), Ondarroan (maiatzak 18), Trapagan (maiatzak 22), Etxarrin (maiatzak 24) eta Durangon (ekainak 13) ikusi ahalko da. Obra Mikel Martinez eta Patxo Telleria bikoteak antzezten du, eta euskararen historia dislokatua eta distortsionatuta jasotzen dute, “euskararen historia txoroa edota bi zorok kontatzen duten euskararen historia”.
Mikel Martinezek, halaber, Stanislaw Lem-en idazlan baten egokitzapena egin du Denboraren Korapiloak lanean: “Ion Tichy pilotu intergalaktiko berezi xamarrak zurrunbilo grabitazional bat zeharkatu du bere bidaia luze eta bakarti hoietako batean. Horrek errealitatea bikoiztu du, iragana eta etorkizuna orainarekin korapilatuz”. Maiatzaren 9an Barakaldon antzeztuko du Martinezek; ekainaren 12an, Bilbon eta 15ean, Lekeition.
Alabatxo familia osoari zuzendutako lana da, eta maiatzaren 14an eta 17an Donostian antzeztuko dute, eta maiatzaren 12an San Lorenzo del Escorialen (Espainia) eta 19an, Fuenlabradan (Espainia).
Azkenik, Karin Karan testu laburren irakursaioaren data ere iragarri dute: Soraluzen, maiatzaren 31n. Antzezlan hori Jokin Oregiren testu txikietan ardazten da.



