
Gasteizeko Garapenerako Lankidetzaren Udal Zerbitzuak, Montehermoso Kulturunearen laguntzarekin, Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa izeneko deialdiaren hamalaugarren edizioa jarri du abian. Interesa duten sortzaileek eta erakundeek apirilaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.
Ekimen honen helburua da “giza eskubideen urraketaren eta defentsaren inguruko hausnarketa eta elkarrizketa sustatzea, sorkuntza artistiko garaikidearen bidez”. Proposamenak edozein diziplina edo formatu artistikotan aurkeztu ahal izango dira, eta gainera argitaragabeak izan beharko dira eta gizonengan eta emakumeengan duen inpaktu berezituari buruzko hausnarketa proposatuko dute.
Ekimenak 14.999 euro (gehi BEZa) bideratuko ditu hautatutako proiektua ekoizteko, garatzeko eta jendaurrean aurkezteko.
Bertako antolatzaileek esan dutenez: “Deialdi honen helburu nagusia da artearen bidez giza eskubideen egoera ikusaraztea, arreta berezia jarriz Vitoria-Gasteizko kolektiboek errealitate horien aurrean loturak eta inplikazio aktiboa dituzten eskualdeetan. Horrela, giza eskubideen sustapenean eta defentsan lan egiten duten tokiko kolektiboen eta hiriko eragile sozial eta kulturalen arteko lotura bultzatuko dugu, topaketarako, hausnarketarako eta analisi kritikorako espazioak sortuz”,
Hemen kontsultatu ahal dituzue jakingarri guztiak.



