LITERATURA

Serafin Baroja hil zela 100 urte eta Eako Poesia Egunak

Literatur Emailuak buletinaren 544. zenbakian jasotzen denez, Barojatarrek Beran erositako Itzea etxean hil zen Serafin Baroja 1912ko uztailaren 16an. Donostiako Plaza Berriko (gaur Konstituzio Plazako) etxeetako batean 1840an jaioa, ingeniaria izan zen, ideologiaz liberala, lau seme-alabaren aita: Dario, Ricardo margolaria eta Pio eta Carmen idazleak.

1875ean Gazi-gezak poema liburutxoa argitaratu zuen. Eta hiru urte geroago idatzi zuen Pudente lehen euskal operaren libretoa, 1894an Donostian taularatua Jose Antonio Santestebanen musikaz. Geroago Santestebanen Lutxi opera (1904) eta Hamahiru damatxo zarzuela ere jantzi zituen. Barojaren kantu denontzat ezagunena San Sebastian martxa da, Sarriegiren doinuaz. Idazlearen bizitzako zertzeladak Joxemiel Bidadorrengandik ezagutu ditzakezu, baita ere Patri Urkizuk 1988an Txertoa argitaletxearekin plazaratutako bilduman.

Eako Poesia Egunak

Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolaturiko Eako Poesia Egunak gaur, uztailak 13, hasiko dira eta domekara arte, uztailak 15, iraungo dute Poesia Hutsa edo Azukreagaz? izenburupean.

Gaur, uztailaren 13a, barikua, Xabier Amurizaren Arestiren koplak ahoan izeneko hitzaldi eta errezitaldiarekin hasiko da. Arestiren bertsoak eta bestelako lerroak nahastuko ditu bertsolariak. Gauean rap, Aresti eta euskara uztarturik Norte Apacheren eskutik.

Larunbata izaten da beti egunik interesgarriena eta potoloena. Mikel Elortzak ekingo dio egunari Lp bat poema hitzaldiarekin, non kanta bihurtu diren poema asko destripatuko dituen.

Geroago, Yolanda Castaño, Jon Gerediaga, Ione Gorostarzu eta Iñigo Astiz poetek poema pertsonalak irakurriko dituzte. Arratsaldean, Mikel Lasa gure artean solasaldi musikatua eskainiko du Edorta Jimenezek, noski! Mikel Lasa bertan izango delarik.

Iñigo Aranbarrik honetarako propio egindako testu batean oinarritutako Munduan beste antzerkia ikusteko parada egongo da 19:00etan, gure identitatea zer den hausnartu ahal izateko. Eta gauean, Ruper Ordorikak kontzertua elegantea eskainiko du Sarrionandiaren poemekin eginiko kantez osatua.

Uztailaren 15ean, domekan, Yolanda Castaño poeta galiziarra bere poetikaz arituko da, eta horren ostean, Leire Bilbaok poema errezitaldia egingo du kaleratu duen azken lan itzelari buruz: Scanner.

Jardunaldioi amaiera emateko, Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro, Kattalin Miner eta Juanjo Olasagarrek Ez dok/n armairu poema errezitaldi irreberentea egingo dute.

Egitarauaren xehetasun gehiago jakin nahi izanez gero, sartu eakopoesiaegunak.com webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button